Gazte ekintzaileentzako formazio saioa antolatu du Maratz udal orientazio zerbitzuak

Negozio baterako ideia izan edo negozio bat martxan jarri berri duten gazteei zuzendutako formazio saioa antolatu du Maratz Oñatiko gaztiendako lan orientazio zerbitzuak. Saioa Bultz-lan aholkularitza enpresarekin elkarlanean antolatu da eta bertako aditu batek emango du.
Negozio ideiaren analisia nola egin azalduko da baina haratago joanda, negozioaren kudeaketaz, proiektuaren finantzaketaz eta dauden eta lortu daitezkeen dirulaguntzez ere argibideak emango dira formakuntza saioan; datorren asteartean, maiatzaren 20an, goizeko 9:30etatik 13:30etara izango da, San Juan kaleko udal-lokalean. Parte hartzeko izena eman behar da, ikastaroaren kartelean txertatu den QRren bitartez edo telefono zenbaki honetara deituta: 658 725 679. Maratz zerbitzutik antolatzen den lehen formazio saioa da.
Maratz gazteentzako lan-orientazio zerbitzua orain bi urte eta erdi jarri zen martxan, Udaleko Haur eta Gazteria departamentuaren ekimenez eta Sozioekonomia departamentuarekin elkarlanean; gazteen lan aukerak edota ikasketak bukatu osterako bide posibleak ikusarazteko zailtasunari erantzun asmoz abiatu zen. Lan orientazio zerbitzu honetan gazteek lana bilatzeko aholkularitza eta orientazioa jasotzen dute; bekak, lan ikastaro eta dirulaguntzen inguruko informazioa ematen da eta Oñati eta eskualdeko enplegu baliabideak azaltzen dira edo, datorren asterako antolatu den formazio saioan bezala, enpresa berriak sortzeko bitartekoez edo gazteei zuzendutako laguntza eta baliabideak eskuratzeari buruzko informazioa ematen da. Zerbitzua Gaztelekuko informazio bulegoan dago eta asteartetik ostiralera, 10:00etatik 13:00eram zabaltzen da.
Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!