Oñatiko udala

Gaur hasi dira San Lorentzoko 11. areari dagozkion irisgarritasun lanak

2025/11/10
Card image cap
Artzamendi enpresak egingo ditu, 847.000 eurotan

  San Lorentzo auzoko ipar-ekialdeko eremua hartzen du 11. area deritzonak, 39-40 eta 65-66-67 etxe blokeen arteko eremua, hain zuzen ere. Ermitatik gora errepideraino eta Eltzia aldamenetik goiko plazatxora bitarteko eremua da irisgarritasun neurrietara egokituko dena. Horretarako A2B Arquitectos enpresak idatzitako proiektuan oinarrituko dira eta San Lorentzoko beste gune batzuetan erabili den losa edota altzari eredua jarraituko da. Espaloiak zabaldu, oinezkoen ibilbideen jarraikortasuna bermatu, gehiegizko pendizak leundu, aldapa dagoen tokietan eta eskailera guneetan eskudelak ipini, plataforma erako zebra-bideak egokitu eta mugikortasun mugatua duten pertsonentzako aparkalekuak egokituko dira. Gainera, zoladura berritu eta ikusmen arazoa duten pertsonen orientazioa errazteko zola bereziak ipiniko dira. Urbanizazioa berritzeko lan hauek baliatuko dira, gainera, ur saneamendu sarea eta argindar nahiz telekomunikazio azpiegiturak hobetzeko lanak egiteko. Lan osagarri horiek Gipuzkoako Urak SA eta Oñargi SL enpresen kontura egingo dira.

  Gaur goizean hasi dira Artzamendi enpresako langileak materiala gordetzeko eta aldagelak jartzeko lekuak prestatzen. Lanak goitik behera egingo dira eta hasierako egunetan ez dute trafikoan eragingo, zenbait aparkaleku kenduko diren arren. Auzoaren eraztuna mugatzen duen beheranzko errepidera iritsi ahala, ibilgailuen ibilbidea berrantolatu beharko da. Izan ere, lanak egiteko 12 hilabeteko epea baitago.
Artzamendi enpresak egingo ditu San Lorentzoko 11. areari dagozkion irisgarritasun lanok, esan bezala. Berau izan zen esleipen prozesura aurkeztu zen enpresa bakarra eta udalak jarritako baldintzak betetzen zituela egiaztatu ondoren kontratua sinatu zen. Lanak 847.332 eurotan egingo dira, udalak finkatu zuen gehienezko aurrekontua 94.000 eurotan merkatuta.

  San Lorentzokoak azaroan martxan jarriko diren lehen irisgarritasun lanak dira, datorren astelehenean Mendiko kaleko lanak hastea aurreikusten baitu udalak. Kale irisgarri, segurua eta atsegina sortzea da helburua, bertan bizi direnen bizi kalitatea hobetzeaz gain, bertatik igaroko diren herritar guztien ongizatea sustatzeko asmoz, esan du Iñigo Ruizek, Hirigintza batzordeburuak. Oinezkoek modu seguruan ibili ahal izateko espaloi jarraiak egingo dira, gaur egungo arrapala eta eskailerak berrituko dira eta berdegune bat sortuko da, bizigarritasunaren alde beste keinu bat eginez. Martxoan bukatuko dira lanak, eta 328.872 eurokoa da aurrekontua.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!