Gaur amaitzen da udalak kontratatuko dituen lau garbitzaile pioitarako izen-emate epea
Eraikinen garbiketako eta kale garbiketako bina pioi kontratatu nahi ditu udalak, aldi baterako, Lanbideren enplegua sustatzeko toki ekintzetarako deialdiaren baitan. Horregatik, izen-ematea Lanbideren web ataritik egin behar da. Gaur amaitzen da horretarako epea eta orain arte 18 lagun inskribatu dira: eraikinen garbiketarako eta kale garbiketarako bederatzina lagun. Baina hautaketa prozesura deitu aurretik oinarrizko hiru baldintzak betetzen dituzten ikusi beharko da, alegia, Oñatin erroldatuta, langabezian eta Lanbiden izena emanda ote dauden. Kale garbiketa pioietarako B1 gidabaimena izatea ere eskatzen da. Bestalde, kasu guztietan, antzeko lanetan esperientzia izatea eta euskara ezagutza baloratu egingo dira.
Kale garbitzaileak azaro erdialdean lanean hasiko lirateke eta eraikin garbitzaileak berriz, abendu hasieran. Horrek esanahi du, hautaketarako elkarrizketa edo proba berehala, datozen egunetan egingo dela. Kale garbitzaile lanetan arituko diren bi pioiei jardun osoko, 4 hilabeterako kontratua egingo zaie. Printzipioz Zubikoa kiroldegian arituko diren bi eraikin garbitzaileei berriz, %80ko jardunaldi partzialez, lau hilabete eta erdirako kontratua egingo zaie.
Lanbideren enplegua sustatzeko toki ekintzetarako dirulaguntzen helburua da laneratzeko zailtasunak dituzten kolektiboak kontratatzea. Hala, Oñatin aldi baterako kontratatu asmo diren lau langabeetatik bat 55 urtetik gorakoa, bestea emakumea eta bi diru-sarrerak bermatzeko errentaren edo RGI deritzonaren onuradun izatea jarri da baldintza moduan.
Gaur amaitzen da esan bezala, udalak kontratatuko dituen lau garbiketa-pioi lanposturako izen-ematea, interesatuek, Lanbideren web orrian topatuko dute informazioa eta izen-emate formularioa.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!