Oñatiko udala

Gaur amaitzen da Onekoren lehen proiektura atxikitzeko izen-emate epea

2026/07/17
Card image cap
Eltziako teilatuetan autokontsumo partekatuko instalazio fotovoltaikoa jarriko da

  Orain 10 egun aurkeztu zuen Onekok, Oñatiko Energia Komunitateak, Eltzian gauzatuko duen lehenengo proiektua. Udalak utzitako teilatu zatian 180 eguzki plaka jarriko dira. 96 kWp potentzia duen instalazioa izango da, guztira, 350 metro karratuko azalera hartuko du eta urtean 101.000 kWh sortzea aurreikusten da.

  Parte hartzeko 0,5 kWko paketeak eskaintzen dira. Halako 192 egiteko asmoa dago. Pakete bakoitzak, energia ekoizpenaren zati baterako eskubidea emango du. Hasieran pertsonako pakete bakarra hartu ahal izango da baina denak banatuko ez balira gehiago eskuratzeko aukera eskainiko da. Paketeko 200 euro ordaindu behar dira, hasierako inbertsioa egiteko eta beste 30 euro, urteko mantentze kuota kontzeptuan. Gaur da izena emateko azken eguna.

  Eltzian egingo den autokontsumo partekatuko instalazio fotovoltaikoak 25 urteko biziraupena izango duela uste da baina 7. urterako inbertsioa amortizatzea aurreikusten da. Proiektua txikia da eta parte hartu nahi duen jende asko biltzen bada ez du askorik emango baina pedagogia eta kontzientzia lantzeko balioko du, Onekoren ordezkarien hitzetan, energia komunitate bat zer den ezagutarazi eta energia trantsizio arloan denon partaidetza ezinbestekoa dela ikustera eman nahi baita.

  Proiektua interesa duten herritar guztiei irekita dago baina parte hartu ahal izateko aurrez Onekoren bazkide egin behar da. Astean proiektuari buruzko informazio laburra jasotzen duen esku-orria banatu da baina informazio zehatzagoa www.oneko.eus atarian ikus daiteke. Bertara jo behar da baita ere Oñatiko energia komunitateko bazkidetza zein proiektuan parte hartzeko eskaera egiteko. Uztaila amaierarako jakinaraziko da bakoitzari zenbat pakete esleitu zaizkion eta aurrera egiteko zein datu behar diren. Proiektuaren instalazioarekin irailean hasteko asmoa dago eta, gauzak ondo bidean, urte akabera baino lehen martxan egongo da.
Gaur-gaurkoz, bederatzi kidek osatzen dute Oneko, eta 48 bazkide dituzte baina Eltziako proiektua gauzatzen hasterako bazkide kopurua handitzea aurreikusten da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!