Gauerdian hasiko da apirilaren 28ko hauteskunde orokorretarako kanpaina
. Bidaurretako errotonda inguruan, Garaineko finkan, Galartza etxeko burdinsarean, kultur etxeko hesian eta Bidebarrieta kalean kiroldegiko horman jarri dira hauteskunde propagandarako panelak. 10 panel gune bakoitzean. Foruen enparantzako arkupetan ere, zutabeetan, alderdien propaganda itsatsi ahal izango da, hauteskunde batzordeak onartu eta argitaratu zuenez.
Ohiturak aldatzen ari dira eta kanpaina egiteko bideak ere aldatzen ari dira. Alderdi baten edo beste baten aldeko botoa eskatzeko geroz eta kartel gutxiago itsasten dira. Hala ere, legez, oraindik, halako panelak jartzeko derrigortasuna dago. Udal langileek pasa den astean jarri zituzten panelok zehaztutako lekuetan eta bertan geratuko dira maiatzeko azken astera arte, hauteskunde orokorretarako kanpainak kasik bat egingo baitu maiatzeko udal eta batzar nagusietarako nahiz europar parlamenturako hauteskundeen kanpainarekin.
Hamabina hautagaitza dira Espainiako Senatu eta Diputatuen Kongresurako Gipuzkoan aurkezten direnak: EH Bildu, Euzko Alderdi Jeltzalea, PSE-EE; Partido Popular, Ciudadanos, Recortes Cero-Grupo Verde; Partido Comunista de los Trabajadores de España, Elkarrekin Podemos, Partido Animalista Contra el Maltrato Animal, Vox, Escaños en Blanco eta Por Un Mundo Mas Justo. Eta Diputatuen Kongresurako bi oñatiar daude, dakizuenez, Nerea Zubia Blazquez EH Bilduko zerrendan bosgarren hautagaia da eta Miren Elgarresta Larrabide, Euzko Alderdi Jeltzaleko zerrendan, lehenengo ordezkoa da.
Gipuzkoan, Kongresurako sei diputatu hautatuko dira eta Senaturako berriz, lau kide. Aipagarria da, Senaturako zerrendak irekiak direla eta boto-emaileak sigla jakin bateko zerrenda ez baizik eta senatari-gaiak aukeratu eta markatu beharko dituela. Horrek, ondorengo kontaketan lana luzatzea eragingo du.
Gauerdian hasiko den hauteskunde apirilaren 26ko gauerdian amaituko da.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!