Oñatiko udala

Gasteizko ITAU enpresak idatziko du Zubillagako suhiltzaileen parkearen birmoldaketa integralerako proiektua

2025/07/17
Card image cap
12 asteko epea du lana burutzeko

  Zubillagako suhiltzaileen parkearen birgaitze energetiko eta funtzionala egingo du Foru Aldundiak. Lan horiei dagozkien proiektuak eta bestelako azterlan tekniko osagarriak idatzi eta obren zuzendaritza egiteko zerbitzua esleitu berri zaio ITAU, Arquitectura, Ingenieria y Urbanismo SLP enpresari. Proiektua idazteko 12 asteko epea finkatu da eta lanen zuzendaritzarako, 12 hilabete.

  Zubillagako suhiltzaileen-etxea 1986an ireki zen; Gipuzkoako Foru Aldundiaren sarea osatzen duten 8 parkeetan zaharrena da. Eraikina zaharkituta dago, urteetan ez baita sakoneko mantentze lanik egin. 2026an guztiz birmoldatzeko asmoa dauka Diputazioak, eraikinaren segurtasuna, funtzionaltasuna eta efizientzia hobetzeko helburuz.

  Enpresa bakarra aurkeztu zen Zubillagako parkearen birgaitze energetiko eta funtzionala egiteko proiektuaren idazketa deialdira, eta eskatutako baldintza guztiak betetzen zituela egiaztatu ondoren, lana esleitzea erabaki da. Prozesuak 7.215 euro aurrezteko bidea emango dio Foru Aldundiari, lanak 114.950 eurotan esleitu baititu. Egin beharreko lanen proiektua udazkenerako aurkeztea espero da eta exekuzio lanak esleitzeko prozedura berria abiaraziko da orduan.

Iturria: Oñati Irratia

 

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!