Gasteizen 3. saria eskuratuta, Varnako lehiaketara begira jarri da Hots Abesbatza

Jesus Guridi kontserbatorioan egin zen Gasteizko II. abesbatzen lehiaketan izan zen Hots abesbatza, larunbatean. Bulgarian irailean izango duen nazioarteko lehiaketarako prestaketa moduan planteatu dute Gasteizkoa eta hirugarren saria eskutan, pozik itzuli dira.
Bost abesbatzek parte hartu zuten lehiaketan; lehen saria Donostiako A Tempo abesbatzak eraman zuen, bigarrena, Irungo IGA taldeak eta hirugarrena, Hots abesbatzak, esan bezala. Euskal folklorea eta doinu klasikoak tartekatu zituzten errepertorioan oñatiarrek, maiatza amaieran Ganbara Faktoriak eskaini zuen Bazkideen kontzertuan erakutsi bezala. Doinu horietako asko Bulgarian, Varnako nazioarteko abesbatzen lehiaketan errepikatuko dituzte, iraileko bigarren asteburuan.
Hots abesbatza 40 emakumek osatzen dute eta Ganbara Faktoriako ahots talde berriena da, 2016an eratu baitzen. Orain hiru urte lehiaketetan parte hartzeari ekin zioten eta guztietan sariren bat lortu dute: 3. saria Zaragozako Ejea de los Caballerosen, 2022an eta Kantabriako San Vicente de la Barqueran, iaz, eta bere kategoriako lehena Italian, Arezzoko nazioarteko lehiaketan, 2023an.
Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!