Garbitasuneko langileak lanean eta sukaldariak greban dira gaur herriko ikastetxe publikoetan
Greba deialdia unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoko langileak astero egiten ari diren protesten baitan kokatu behar da, gaur, ikastetxeetako garbiketa eta jangeletakoei zuzendu baitzitzaien. Oñatin, erantzuna, sektoreka izan dela esan daiteke, sukaldariak greban daudelako eta garbitasunekoak lanean. Halaxe adierazi digute Errekalde Herri Eskolan eta Zuazola-Larraña institutuan.
Sukaldarien grebak Errekalde ikastetxeko jangela ixtea eragin du. Gaur ez da zerbitzurik eman eta bertara bazkaltzera joan ohi diren 220 haur eta gazteak beste nonbait egin behar izan dute eguerdiko otordua. Jangela zerbitzuaz baliatzen diren familiei denboraz jakinarazi zitzaien beste konponbide bat hartu zezaten.
Asteka eta sektoreka egiten ari diren greba hauen bidez, euskal autonomia erkidegoko hezkuntza publikoko langileen egoera larria salatu eta azalarazi nahi dute ELA, LAB eta Steilas sindikatu deitzaileek. Zerbitzu ezberdinetan izan diren murrizketekin amaitu, gaixoaldiak lehen egunetik ordezkatu eta osorik ordaintzea, langileen eros-ahalmena berreskuratzea eta LOMCE eta HEZIBERRI egitasmoak bertan behera uztea eskatzen dute, besteak beste. Pasa den astean Partzuergoko Haurreskoletan deitu zen greba, datorren astean, berriz, hezkuntza bereziko langileek egingo dute protesta, hurrengoan, irakasleek, eta abenduaren 12an sektore guztiek egingo dute lanuztea.
Baina tokian tokiko ikastetxe publikoetan bestelako mobilizazioak egiten ari dira borroka asteak deritzoten hauetan. Hala, Errekalden, ostiral arratsaldero elkarretaratzea egiten dute ikastetxe aurrealdean. Euskal eskola publikoan gauzatzen ari diren murrizketen kontra eta hezkuntza sistema propioaren aldeko mobilizazio honetan parte hartzera gonbidatzen da astero eskola komunitate osoa, familiak barne.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!