Garbigune ibiltariaren kokapenetako bat aldatu du Mankomunitateak
Garbigune ibiltaria azoka ondoan jarri eta kentzeak zailtasunak eragiten zituela ikusita kokapena aldatu eta Errementari plaza hautatzera eraman ditu Mankomunitateko arduradunak. Urtea hastearekin gauzatu da kokapen aldaketa hori eta atzo jada, Garbigune ibiltaria Bidebarrieta kaleko plazatxoan jarri zuen. Horrekin batera prentsa oharra zabaldu du.
Garbigune ibiltaria hamabostean behin ipintzen da Oñatin, ostegunetan, goiz eta arratsaldez. Errementari plazan kokatuko da hileko lehenengo aldian eta Olakuan bigarrengoan. Zerbitzu honen bidez etxeetan sortu daitezkeen hondakin arriskutsu txikiak jasotzen dira Garbigune zerbitzua herritarrei hurbilduz, Urrutxukora joan beharrik izan gabe. Aerosolak, bonbila halogenoak eta kontsumo baxukoak , fluoreszenteak, inpresoretako kartutxoak, CD/DVD eta bideo zintak nahiz musika zintak, pilak, bateriak, termometroak, motore-olioa, pintura eta disolbatzaileak, garbitasun produktuak, erradiografiak eta aparatu elektriko edota elektroniko txikiak dira Garbigune ibiltarian utzi daitezkeenak. Hondakin bakoitzerako lekua berezituta dago eta horiek jarraitzea eta hondakinak ahalik eta txukunen uztea eskatzen da Mankomunitatetik.
Garbigune ibiltariaren erdiguneko kokapena aldatu bada ere, Olakuan duena bere horretan mantenduko dela jakinarazi da Mankomunitatetik. Bide batez, urteko egutegia ere zabaldu da eta printzipioz, hilero bitan, hamabostean behin, ekarriko da Garbigunea Oñatira, lehenean, Errementari plazan kokatuz eta bigarrenean Olakuan, esan bezala. Urrian hirugarren aldiz ere ekarriko da eta azken horretan Errementari plazan kokatuko da eta erabilpen ordutegia, orokorrean, 10:30etatik 21:00etara izango da. aipagarria da, martxoan, Olakuan, ostegunean ez baizik eta ostiralean kokatuko dela, 20an, San Jose egunaren biharamunean, eta horregatik goizez bakarrik erabili ahal izango dela, 9:00etatik 13:30etara eta bertdin gertatuko da Maiatzaren 1eko jai-bezperan, hau da, apirilaren 30ean eta Gabon egunean, abenduaren 24an. Bietan Olakuan kokatuko da Garbigune ibiltaria baina goizez bakarrik egongo da erabilgarri.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!