Oñatiko udala

Garazi Billar Ormazabalen proposamen bikoitza aukeratu da Debagoieneko XXII Trikitixa Eguna iragartzeko

2026/07/23
Card image cap
Egingo diren kamiseten koloreak zehazteko daude oraindik

  Urratsez urrats doa Lizargarate elkartea 2027an Oñatin ospatuko den Debagoieneko Trikitixa Eguna prestatzen. Eguna iragartzeko eta partaideei banatuko zaizkien kamisetetan jartzeko logo lehiaketa deitu zuen eta irabazlearen izena eman berri du: Garazi Billar Ormazabal. Orain trikiti jaian parte hartuko dutenei banatuko zaizkien kamiseten koloreak zehazten ari dira, aukeratutako irudia bertan txertatzeko.

  8 logo aurkeztu dira lehiaketara, adin ezberdinetako sortzaileek egindako irudiak, eta Garazi Billarrena hautatu du epaimahaiak. Proposamen bikoitza egin du Billarrek kamisetaren bi aldeetarako: aurrealdean, goi-ezkerretara txertatzeko logo txiki bat sortu du eta atzealdean, Trikitixa Egunerako propio sortu den abestiaren hitzak agertzen dira. Lehiaketan logoa soilik eskatzen zen eta hautatutako lanak jarritako baldintza guztiak betetzen ditu, hau da, irudiak trikiti eta panderoari erreferentzia egiten dio eta XXII. Trikitixa Eguna testua ageri da. Hori osatuz, gainera, Oñati hitza ere idatzi da. Izan ere, 2027ko apirilaren 24an Oñatin ospatuko baita Debagoieneko XXII. Trikitixa Eguna.

  Antolatzaileek eskerrak eman nahi dizkiete parte hartu duten guztiei eta lehiaketa zabaltzen lagundu duten guztiei.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!