Ganbara Txikiko 10 ikaslek Gazte Topaketan parte hartuko dute asteburuan
Gipuzkoako Abesbatzen Federazioak antolatutako Gazte Topaketa martxoaren 28 eta 29an egingo da Hondarribiako aterpetxean. Ganbara Txikiko 10 ikaslek parte hartuko dute, Kantuan Dantzan 3 izeneko programa berezi eta dinamikoan.
12 eta 18 urte bitarteko gazteei zuzendutako topaketa honen baitan dantzarekin lotura duten pop-rock estiloko euskal abesti ezagunak landuko dira. Besteak beste, Janus Lesterren Dap Dap, ETSren Sumendiak, Zetaken Eguzkilore, Bulegoren Ezer ez da berdina, Gatiburen Aske maitte eta Zea Maysen Negua joan da ta abestien moldaketak landuko dituzte. Parte-hartzaileei errepertorioa prestatuta eramatea eskatu zaie eta azken ukituak emango dizkiete Gazte Topaketa hauetan. Aitor Biain eta Alaitz Urkia arduratuko dira proiektuaren zuzendaritza musikalaz. Topaketa martxoaren 28an, larunbatean, goizeko 9:30ean hasiko da eta igandean, martxoaren 29an, amaituko da. Hondarribiako aterpetxean egingo duten lanari kontzertu batez emango diote amaiera. Errenteriako Lekuona Fabrikako auditorioan izango da kontzertu ireki hori, igandean, 16:30etan. Emanaldian rock talde baten laguntza izango dute.
Gazte topaketa hauek musika, elkarbizitza eta esperientzia berri bat ematen die parte hartzaileei; ohikoa duten taldetik haratago beste abesbatza batzuetako kideak ezagutu eta elkarrekin kantatzeko aukera ematen die. Ganbara Txikiko gazteentzat ere esperientzia aberasgarria izango da, dudarik gabe.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!