Oñatiko udala

Ganbara abesbatzak ahotsa jarriko dio LUMINISCENCE ikuskizunari, Donostiako katedralean

2025/06/19
Card image cap
Argi eta soinuzko ikuskizun murgiltzailean 10 saio egingo ditu Oñatiko taldeak

  LUMINISCENCE historia, bideomapping-a eta zuzeneko musika uztartzen dituen 360°-ko ikuskizun murgilgarria da. Europako hainbat eraikinetan eskaini ondoren Donostiara, Artzain Onaren katedralera ekarri da. Argi eta soinuzko ikuskizun hau lurraldeko hainbat abesbatzen zuzeneko kantuz osatzen da. Ganbara abesbatzak 10 saiotan kantatuko du, lehena, bihar gauean.

  50 minutu inguru irauten du LUMINISCENCE ikuskizunak eta propio sortutako musika eta pieza klasikoak uztartzen ditu. Ganbara abesbatzako kideek asteak eman dituzte errepertorioa prestatzen eta lehengo emanaldiak bihar eta etzi eskainiko dituzte. Baina datozen bi hilabeteetan beste 8 saio beteko dituzte: uztailaren 3, 5, 10, 12 eta 18an eta abuztuaren 21, 22 eta 23an. Soinu-sistema inguratzaile bati eta 3D-ko espazializazio bati esker, notak, ahotsak eta perkusioak eraikin osoan barrena zabaltzen dira, eroso eserita dagoen publikoari aurrekaririk gabeko esperientzia eskainiz. Zuzeneko musikak LUMINISCENCE ikuskizuna are eta bereziagoa bihurtzen du.

  Ikuskizunak lau ekitaldi biltzen ditu: lehenak, Donostia merkataritza eta militar portu oparo zen garaia dakar gogora eta Erdi Aroan inspiratutako eliza dotore eta berri bat eraikitzeko nahia; bigarrenak gure historiaren argi-ilunak islatuko ditu eta kostaldeko kresala eliza barrura eramango du; hirugarrenean mendeen oihartzuna bildu nahiko da, katedralaren ikusgarritasuna musikatuz; eta azkenak, betierekoaren ideia garatuko du, herentziaren eta berrikuntzaren arteko fusio ausarta proposatuz.

  LUMINISCENCE ikuskizuna gaueko 21:50etan hasten da eta sarrerak salgai daude, lekuaren arabera, salneurri ezberdinetan.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!