Oñatiko udala

Furgobaratza zerbitzua San Martingo aisialdi ortuetan izango da aurten ere

2016/05/02
Card image cap
Baratzezainei produktuak eskainiko dizkie eta hainbat formazio tailer egingo dira

  OKITAÑO San Martingo baratzeen erabiltzaileek osatu duten elkarteak gonbidatu du aurten furgobaratza zerbitzua ortuen parkera. Iaz egin zen bezala, formazio saioak eta produktu salmenta tartekatuko dira.
Hiru formazio tailer antolatu dira. Lehena, tomatearen ingurukoa pasa den astean egin zen; ekainaren 23an berriz, gaixotasun eta izurrien inguruan egingo da bigarrena eta irailaren 22an, neguko baratzaren ingurukoa, azkena. Tailerrak irekiak dira, interesa duten herritar guztientzat eta doan.

  Baina furgobaratza hiru egun horietan ez ezik, beste bostetan ere etorriko da San Martingo ortuetara: maiatzaren 12 eta 26an, ekainaren 9an, uztailaren 28an eta urriaren 27an. Egun horietan, landare eta hazi ekologikoak edota gaixotasun eta izurriei aurre egiteko produktuak salgai izango dituzte. Eta beharra duenari, aholku eta gomendioak ere emango dizkiete. San Martingo aisialdi baratzeen erabiltzaile asko nahiko berriak  eta baratzegintzan kasik esperientziarik gabeak baitira oraindik. Zalantzak argitzeko aldikako zerbitzua kontratatzea erabaki du ortuen erabiltzaileen elkarteak.

  Furgobaratza, zehaztutako egunetan 18.00tatik 20.00tara izango da San Martinen. Zerbitzuaren egutegia, baratzeen ondoko txabolako iragarki taulan ikusgai dago. Tailerren antzera, furgobaratzaren zerbitzura ere, edozein zaletuk jo dezake, San Martinen ortua izan ala ez.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!