Frantziska Altube eta Fermin Altube izango dira herriko jubilatu eta pentsionisten izenean, domekan omenduko diren nagusiak.

2013/06/21
255 lagunek parte hartuko dute jubilatuen eguneko bazkarian.

  12etan hasiko den mezaz ekingo zaie jubilatuen eguneko ospakizunei. Meza ondoren eta Musika bandaren laguntzaz, herriko nagusiak Zubikoa kiroldegira hurbilduko dira, bertan egingo baitira omenaldi eta ondorengo bazkaria.

    Urtero bezala, Pake lekuko bazkide nagusienen artean ospakizunera joateko moduan leudekeen emakume eta gizonezko banaren bila aritu dira antolatzaileak. Frantziska Altube eta Fermin Altube frantziskotarra izango dira domekan Oñatiko jubilatu eta pentsionista guztien ordezkari.

  Ohiko txapela eta zapia jarrita lore sorta ere oparituko diete. Oñatz dantza taldeko gaztetxoek aurreskua eta dantza saiotxo bat eskainiko diete eta Musika bandak ere hiruzpalau doinu joko ditu. Ondoren, jubilatuen eguneko bazkaria izango da. Beren txartela erosi duten jubilatuekin batera udal ordezkariak ere kiroldegian izango dira. Guztira 255 lagunek parte hartuko dute domekako bazkarian.

    Ospakizuna alaitzeko sari ezberdinak zozkatuko dira, bertsolarien ekitaldia izango da eta dantzaldia ere ez da faltako. Domekako ekitaldiekin astelehenean hasi zen Jubilatuen asteari amaiera emango zaio.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!