Foruen enparantzako argiteria ordezkatu eta udaletxeko fatxadan argiztapen apaingarria jartzeko lanak esleipenera atera ditu Udalak
Esleipenera atera berri den kontratuaren xedea da Foruen enparantzako argiteria publikoaren eta udaletxeko fatxadaren kanpo-azgiztapeneko ekipoen ordez energia efizientzia handiagoko LED teknologiako argiak hornitu, instalatu eta martxan jartzea eta baita ere argiztapen apaingarrirako erregulazio eta kontrol- sistema hornitu eta ezartzea. Kontratatu nahi diren argindar lanak beraz, bi eremutan banatzen dira: batetik, udaletxeko fatxadako argiztapen apaingarria, erregulazio kromatikoko eta telekudeaketako sistemarekin, eta, bestetik, Foruen enparantzako argiteria funtzionala, oinezkoen erabilerara egokitutako LED argien bidez. Udaletxeko fatxadak argiztatuko duten fokoek argi zuria zein koloretakoa proiektatzeko aukera eskainiko dute. Lanen helburuak lautan laburbildu daitezke: energia-efizientzia hobetzea, indarrean dagoen araudira egokitzea, kontrol eta kudeaketa sistema modernizatzea eta ondare historikoa balioan jartzea.
Foruen enparantzako egungo instalazioen ordez energia-kontsumo txikiagoko eta errendimendu handiagoko LED argiztapen sistema ezarriko da eta indarrean dauden arau-teknikoak eta efizientzia irizpideak betetzen direla bermatuko da. Gainera, udaletxea argiztatzeko sistema berezia jarriko da, egunaren arabera, koloreztatu ahal izateko. Horretarako telekudeaketa-sistema ezarriko da, argiztapen apaingarriaren pizte, itzaltze eta kolore-eszenen programazioa modu zentralizatu eta eraginkorrean kontrolatzeko. Udaletxeko fatxadaren argiztapen apaingarria berritu eta hobetuko da, ondare historikoa balioan jarri eta egun jakinetan kolore bereizgarriz argiztatzeko.
Esleipenera atera diren argiztapen lanak ARGI-TECH ingenieria lumínica enpresak iaz osatu zuen proiektuaren arabera egingo dira. Sei hilabeteko epea izango da lanak burutzeko eta lizitaziorako aurrekontua 60.000 euro da. Lanak esleitzeko irizpide nagusia proposamen ekonomikoa izango da, puntuazio orokorraren % 80 jasoko duelako baina berme epea luzatzeak %15a emango du eta argiztapen ekipoen bizitza erabilgarria luzatzeak %5a. Atzo abiatu zen esleipen prozesura aurkezteko epea uztailaren 21ean itxiko da.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!