Foruen enparantza ondoko lorategia, kioskoa eta erabilera anitzeko gunea egokitzeko lanak ORSA enpresak egingo ditu

ORSA SL enpresa izan da plaza ondoko gunean esku-hartze ezberdinak egiteko lanen esleipenera aurkeztu den bakarra. Udalak eskatutako baldintza guztiak betetzen zituela egiaztatu ondoren, esleipena bere alde egitea erabaki da. Lanak, 673.388 eurotan egingo dira, Udalak zehaztutako aurrekontua ia 24.500 eurotan merkatuta eta 9 hilabeteko egikaritze epea ere 75 egunetan murriztuko da. Lanerako oinarri Juntura kooperatibak osatu zuen proiektua izango du ORSA enpresak.
Egoera txarrean dagoen zoladura ordezkatuko da, pisu handiari eusteko moduko materiala erabiliz, kamioiak edota barrakak bertara sartzen direla aurreikusita; baina zoladura mota aldatu egingo da, elementu ezberdinak integratzeko. Irisgarritasunaren aldetik, joan-etorriko bideak hobetuko dira eta azoka eremurako arrapala berria egingo da, egungo behin behinekoa ordezkatuz. Gernikako zuhaitzaren ardatza zabalduko da, oztopo arkitektonikoak kenduta. Gernikako arbola bera eta iturria lorategian integratzea aurreikusten da, dagokien garrantzia azpimarratuz. Arnas gune diren lorategietan landare gehiago sartuko dira.
Irisgarritasun baldintzak beteko dituzten eskailera berriak ere egingo dira azokan eta bertako eserlekuetan eta pilotalekuko harmailetan zurezko elementuak jarriko dira, erosoagoak eta goxoagoak izan daitezen. Kioskoan ere grada moduko batzuk eratuko dira frontoira begira, aurrealdean duen gunetxoa ikuskizun txikitarako egokituz. Horrela kioskoa bi aldetara irekiko da, funtzionaltasuna areagotuz. Pilotalekuaren ezker pareta jarraituz Lazarraga lorategia mugatzen duen horman ere sarrera berria irekitzea aurreikusten da, jolasgunea eta lorategiaren arteko trantsitua erraztuz. Baina lorategiaren kota altuagoa da eta ondorioz, sarrera berri horren ingururako zirkulu erdi formako eskailerak diseinatu dira asfaltozko eremuan. Sarrera berri horrek atea izango du eta plaza aldameneko langaren antzera, ireki edo itxi egingo da, lorategiaren erabilera publiko edo pribatua den garaiaren arabera.
Lanok aprobetxatuko dira argindar sarea berritzeko eta esleipen berean sartu dira Oñargi enpresak landu duen proiektua. Lanen atal hori Oñargik berak ordainduko du.
Lanak noiz hasiko diren ez da zehaztu oraindik, planifikatzen ari baitira.
Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!