Oñatiko udala

Foruen abolizioaren 150. urteurrena eta Alkate Mugimenduaren 50. urteurrenaren harira adostutako mozioa aurkeztuko da gaurko Osoko Bilkuran

2026/05/28
Card image cap
EAJk sinatutako beste bi mozio ere eztabaidatuko dira

  Bigarren karlistadaren ondoren, 1876ko uztailaren 21ean, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foru erregimena bertan behera utzi zen. Mende bat geroaro, 1976ko uztailaren 21ean, frankismoaren amaieraren testuinguruan, Euskal Herriko hainbat udal ordezkari Bergaran batu ziren Alkateen Mugimendua deitu zitzaionean. Bi efemeride horiek gogoan, eta historikoki, politikoki zein instituzionalki duten garrantzia aitortuz, zazpi puntuko mozioa prestatu eta aurkeztuko da gaur arratsaldeko Osoko Bilkuran. Udalbatza osatzen duten bi taldeek sinatzen dute idatzia. Baina beste bi mozio ere aurkeztuko dira arratsaldeko bileran, kasu honetan, udal talde jeltzalearen eskutik; lehena, baxoaren azterketak euskaraz pasatzearen aldeko sostengu mozioa da, bigarrena, eremu publikoaren neutraltasuna eta garbiketa bermatzeko mozioa.

  Ohikoa denez, mozio idatzi horiek Osoko Bilkurarako prestatu den lan zerrendako azken puntuetan jaso dira. Aurretik, beste gai garrantzitsu ere erabakiko dira. Dirulaguntzen Ordenantza Orokorra hasiera bateko izaeraz onartzea proposatuko da. Udaleko departamentu ezberdinek hainbat dirulaguntza eman ohi dituzte urtean zehar eta horiek bilduz, eta etorkizunean erabaki daitezken berrietarako markoa ere zehaztuz, dirulaguntzen ordenantzan. Arratsaldean hasierako izaeraz onartzea proposatuko da, jende agirian jarri eta alegazioak jasotzeko epea irekitzeko. 

  Dirulaguntzen harira, Gipuzkoako Odol Emaileen elkarteari, Lagun Leku eta Pake Leku elkarteei urteko dirulaguntza emateko erabakia onartzea proposatuko da arratsaldeko bileran. Eta beste horrenbeste AFAGI Alzheimer Gipuzkoa elkarteari. Kasu honetan urteko dirulaguntza hiru urterako berrituko den lankidetza hitzarmenean jaso da. 2023an sinatu zuten Udalak eta AFAGIk lehenengo hitzarmena eta hiru urtetan gauzatu den programak izan duen balorazio ona ikusita beste hiru urterako luzatzea erabaki da. Beste lankidetza hitzarmen bat egitea ere proposatuko da gaurko bileran: Etxebizitza hutsak mobilizatzeko Alokabide SArekin lankidetza.

  Luzea da gaurko Osoko Bilkurarako prestatu den lan zerrenda, 24 puntu jasotzen ditu. Udalbatzaren hileko bilera 18:30etan hasiko da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!