Oñatiko udala

Foru Aldundiko Kontseilu ibiltaria Oñatin burutu zen atzo

2026/01/14
Card image cap
Asteroko batzarra egin zuten foru diputatuek Gipuzkoako Artxibo Historikoan eta eraikina eta bertan gordetako funtsak ikusi zituzten ondoren

  Gipuzkoako Foru Aldundiko Diputatuen Kontseiluak hemeretzigarren bilkura ibiltaria egin zuen atzo goizean Oñatin. Izaro Elorza alkateak egin zien harrera foru diputatuei eta gurera etortzea eskertu zien, herrian dauden asmo eta beharrak bertatik bertara ezagutu eta lankidetzarako eskaintza luzatuz. Era honetako saioen helburua horixe dela adierazi zuen Eider Mendoza diputatu nagusiak, hau da, Gipuzkoako udalerrien erronkak eta proiektuen gauzatzea hurbiletik ezagutu, hauekiko lankidetza indartu eta jarduera instituzionala herritarrengana hurbiltzea.

  Mendozak Oñatiren dinamismo bizia azpimarratu zuen, herri oso dinamikoa dela esanez, bai gizarte eta kultura mailan, baita ingurumenaren, industriaren eta ekonomia sozialaren ikuspegitik ere. “Erakundeok elkarrekin lan egitean, komunitateari zuzenean mesede egiten dioten eta haren garapena indartzen duten neurriak eta proiektuak bultzatzeko gai direla eta Kontseilu ibiltariaren ekimena horretarako oso baliagarria dela adierazi zuen. Dinamika hori indartzen jarraitzeko asmoa azaldu zuen, lankidetza bultzatzen jarraitu eta erakunde-maila desberdinen arteko sinergiak indartzeko.

  Izaro Elorza alkateak Gipuzkoako Artxibo Historikoaren atarian hartu zituen foru diputatuak, bertan egin baitzuten asteroko batzarra. Lurralde osoari eragiten dioten hainbat neurri eta erabaki hartu ondoren, artxiboa eta bertan gordetzen diren funtsak ezagutzeko aukera izan zuten, Aldundiko Artxiboetako eta Agiri Ondareko zerbitzuburu Ramon Martinek gidatuta. Diputatu nagusiak publikoki eskertu eta aldarrikatu zuen Artxibo Historikoak eta bertako lan taldeak egiten duten lan ona. Fake newsak eta desinformazioa gailentzen ari diren garaiotan, Artxiboak ezinbestekoak direla esan du, gure lurraldearen historiaren, agirien eta datu historikoen zaindari direlako.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!