Oñatiko udala

Farola bat bota zuen haizeak atzo Ramon Irizar kalean

2025/11/06
Card image cap
Ibarra zelaitik saihesbiderako bidean, berriz, errepidera jausi zen adar handi bat erretiratu behar izan zen

  Hego haizeak gogor jo zuen atzo, bereziki eguerditik aurrera, eta ondorioak nonahi ikusi ziren; aurreko egunetan jausitako hostoak batera eta bestera zurrunbiloan ikusi genituen baina haizeak apurtutako elementuak ere erretiratu behar izan ziren. Aipagarria, esaterako, Ramon Irizar kalean apurtu zen farola, burdinezko egitura zuela kontutan hartua. Auzotar batek eman zion gertatutakoaren berri udaltzaingoari eta dagokion txostena egin zuten. Ibarra zelaitik saihesbiderako bidean berriz, adar handi bat apurtu eta errepidera jausi zen. Trafikorako arriskutsua zegoenez adarra guztiz moztu eta bide ertzera erretiratu zen. Bidebarrieta kalean eta beste zenbait lekutan arbola adarrak apurtu zituen haizeak, baina aparteko ondorio larririk gabe. San Lorentzo eta Olakua arteko hainbat semaforo matxuratu egin dira baita ere, haizeak eragindako kontaktu baten ondorioz eta argi laranja keinuka zutela zeuden gaur goizean oraindik. Konpontzeko abisua emana dutela adierazi digute udaltzaingoan.

  Hego haizea indarrez ibili zen atzo, 90 Km/h abiadura hartu zuen haize bolada neurtu zen Arrasaten, esaterako, eta gaur goizean ere harro xamar ibili bada ere, orduek aurrera egin ahala indarra galduko duela diote prebisioek.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!