Fakturazioa % 8 handituta amaitu du 2020a Zubillaga-Oñati Hiltegiak
2020a aldaketa urtea izan da Zubillaga-Oñati Hiltegi eta Zatitze Zerbitzuan. Plan estrategikoan aurreikusitakoa beteaz, banaketaren subrogazioa gauzatu zen urte hasieran, harakinei zerbitzua hobetu eta zabaltzeko aukera emanez. Covid-19a etorri zen ondoren, eta beharrezkoak diren segurtasun neurriak aplikatuz instalazioak egokitu ziren pandemiari aurre egin eta berme osoz lanean jarraitu ahal izateko. Hala, konfinamendu garai gogorrenean ere Zubillagako hiltegiak lanean jarraitu zuen bezeroen hornikuntza bermatuz eta tokiko komertzioek izan zuten eskaera gorakadan haragi erreserbak ziurtatuz. Era berean, instalazioen itxuraldaketari ekin zitzaion iaz eta laster, bulego, aldagela eta bilera gela berriak estreinatuko dituzte.
2020a datu positiboekin itxi du Zubillaga-Oñati Hiltegi eta Zatitze Zerbitzuak. Fakturazioari erreparatuta, aurreko urtean baino %8 gehiago fakturatu du, 918 ustiategiei zerbitzua emanda. Aipagarria da ustiategi horien kasik erdiak, 439, Bizkaian kokatzen direla, egun ez dago abere hiltegirik herrialde horretan; Bestela, Oñatin zerbitzua eman zaien 365 ustiategi Gipuzkoan daude, 94 Araban eta gainontzekoak Nafarroa, Aragoi edo beste erkidego batzuetatik hurbildutakoak izan dira.
Ekoizpenari dagokionean, 2019aren antzekoa izan da 2020an eta kanalean 1.450 tona inguru izan da. Baina aipagarria da horietatik 55 tona ekoizpen ekologikoak izan zirela, eta kopuru horrek aurreko urtekoa bikoizten du. Ekoizpen ekologikoaren gorakada nabarmentzen ari den joera dela azpimarratzen dute Zubillagako hiltegiko arduradunek. Euskal Okela jatorri izendapenarekin sailkatutako haragiari dagokionez, 477 tona ekoitzi ziren iaz. Gainera, Zatitze Gelako ekoizpena %31 hazi zen 2020an.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!