Oñatiko udala

Exibai baserrira arteko bidegorria eginda baina propio egokitutako aparkalekurik gabe hasiko da Usakoko bainu denboraldia bihar

2026/06/19
Card image cap
Herribusa arratsaldez birritan joango da Usakoraino, astelehenetik ostiralera

  Mugikortasuna aldetik aldaketa urtea da aurtengoa Usakon. Oinez eta bizikletaz joatea lehenetsi da, eta ondorioz, ez da berdegunerik egokitu aparkaleku gisa, Zañartuko errepide aldamenean. Autoak Munazategiko aparkalekura bideratuko dira eta handik bidegorritik Exibai baserri pareraino. Zubillaga aldetik bizikletan doazenek ere Torreauzotik egin den bidegorri adar berritik iritsiko dira Usakoko bainu-gunera eta herrigunetik doazenek berriz, hilerritik gorako bidea jarraituz, ohikoa denez. Garagaltzako sarrera parean bizikletak uzteko gunea prestatu zen iaz.

  Zañartuko errepide bazterretan aparkatzea debekatuta dago eta hori bereziki zaintzen ari dira ertzainak eta udaltzainak azken asteotan; salaketak ere egunero jartzen dituztela adierazi digu Udaltainburuak. Alde horretatik, irizpideak bateratu eta pareko isunak jartzeko asmoa dutela adierazi digu, hau da, debekatutako lekuan aparkatzeagatik 200 euroko isunak jartzen hasteko asmoa dago, debekuari benetan kasu egin dagion. Udalak informatzaile bat jarri du Torreauzo Zañartu inguru horretan, autoak Munazategira bideratuz. Bainu denboraldi ofiziala bihar hasten den arren, informatzailea pasa den astetik ari da lanean, arratsaldez. 14:30etatik 18:30etara. Herribusa, berriz, astelehentik aurrera hasiko da Usakoraino iristen, arratsaldean bitan eta astelehenetik ostiralera. Ugarkaldetik arratsaldeko 16:00etan eta 19:30etan irteten diren zerbitzuak dira Usakora, Zuazola zubi ingurura iritsiko direnak.

  Bainu denboraldia hastearekin batera indarrean sartuko da baita ere sorosle zerbitzua, 16:00etatik 20:00etara; errefortzua izango da gainera, bihartik uztaila amaierara arte, 16:00etatik 19:00etara. Baina gogoratu, ofizialki bihar irekitzen den Usakoko bainu denboraldia irailaren 6ra arte luzatuko dela. Putzua prest dago, gunea garbitzeaz arduratzen diren urpekariak pasa den astean etorri ziren eta ez zuten aparteko zaborrik atera: urak ekarritako adarren bat eta kable zatiren bat ere bai baina ez azpimarratzeko hondakin arriskutsurik. Hori bai, karramarrorik ere ez omen zuten ikusi. Uraren tenperaturari dagokionean, 12 gradutan zegoen, orain astebete, esan bezala.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!