Euzko alderdi jeltzaleak aurkeztutako proposamenak jasota, aho batez onartu zen, aisialdi ortuak kudeatu eta adjudikatzeko udal araudi erregulatzailea.

2014/09/10
Behin behineko izaeraz onartutako dokumentua jende agirian dago, alegazio edo erreklamazioetarako.

  Aisialdi ortuen kudeaketa eta esleipenerako baldintzak jasotzen zituen araudia eztabaidatzeko Osoko bilkura berezia egin zen ostegunean. EAJk proposatutako ekarpenak jasota, erregelamendua aho batez onartu zen eta gaur berriz, dokumentua jende agirian dagoela iragarriz, oharra argitaratu da Gipuzkoako aldizkari ofizialean.

  EAJk proposamen bat baino gehiago egin zizkion udal gobernu taldeak prestatu zuen araudiari. Bilduko zinegotziek guztiak onartu zituzten. Hala, eta besteak beste, baratza eredua gehiegi ez hedatzeko eskaera onartu zen, merkatuan beren produktuak sartzen dituzten talde eta baserritarrei kalterik ez eragiteko. Sortuko den erabiltzaileen elkartearen funtzioak ere hizpide izan ziren eta jeltzaleek eskatuta, erakunde honen zeregina, erabiltzaile eta udalaren arteko bitartekaritzatik haratago joango da. Parte hartze handiagoa izango du eta funtzionamendu, gastu, ardura edota zigorretan elkartearen iritzia kontutan hartuko da.

  Ureztapenari dagokionean, ur erabilera mugatzea ere proposatu zuten jeltzaleek. Euri uren erabilerari lehentasuna emango zaio eta uraren kontsumo arduratsua sustatuko da. Zentzu horretan, jeltzaleek, banakako eta komunitarioa litzatekeen kontagailu sistema bat ezartzea proposatu zuten kontsumoa kontrolatu ahal izateko. Era berean, kontsumitu daitekeen gehienezko ur kantitatea zehaztea ere proposatu zuten, gainerako baserritarrekiko diskriminaziorik ez sortzearren.

  Aisialdi baratzetan egiten den konposta bertan erabiltzea eta herriko beste guneetan sortutako konpostaren erabilpena lehenestea ere proposatu eta onartu zen.

  Aipatu aldaketak onartu ziren arren udal gobernu taldearen kudeaketa txarra salatu zuten jeltzaleek Osoko Bilkuran. Beste behin ere, dokumentua berandu helarazi zaiela eta lantzeko kasik denborarik ez dutela izan esanez. Baina araudia, esan bezala aho batez onartu zen.

    Gaur berriz, Oñatiko baratza parkea adjudikatzeko eta kudeatzeko araudia jende agirian dagoela iragarri da Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean. Ikusi nahi duenak, udal bulegoetan eskatu behar du. Alegazio edo erreklamazioren bat egin nahi duenak berriz, urriaren 20ra arteko epea du horretarako.

  Araudian zehazten denez, hau, Oñatiko Baratze Parkearen barnean sartzen diren lursail guztietan aplikatuko da. Bai, orain San Martin auzoan egokitzen ari direnetan eta baita etorkizunean Torrealden edo beste nonbait egokitu daitezkeenetan. Udalak, lursailen erabilera urtebeterako lagako du, epe hori, urtez urte eta gehienez bost urtera arte luzatu daitekeelarik. Erabiltzaileak, 30 metro karratuko baratzea erabiltzeagatik, urteko 70 euroko kanona ordaindu beharko du eta horri, beste 70 euroko fidantza batu beharko zaio.

  Familia unitate bereko kideek baratze bakarra erabili ahal izango dute.

  Orain hilabete batzuk interesa izango luketen herritarren izenak jaso baziren ere, lizentziak emateko deialdia egingo da. Aurrez interesa agertu zutenek ere eskaera bete beharko dute. Horren ondotik, esleipen-zozketarako prozedura martxan jarriko da.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!