Oñatiko udala

Eusko Jaurlaritzak %7 handituko du udal euskaltegien finantzaketa

2026/05/26
Card image cap
EUDELekin finantzazio-sistema berria adostu du, udal euskaltegien egonkortasuna indartzeko

  Eusko Jaurlaritzak eta EUDELek udal euskaltegien finantzazio-sistema berria adostu dute. Sistema berriak orain arte indarrean egon den eredua eguneratuko du, kudeaketa administratiboa sinplifikatuko du eta udalen zein euskaltegien plangintza-gaitasuna indartuko du. Bi erakundeek lehen aldiz lortu dute udal euskaltegien finantzazioari egonkortasuna eta epe luzerako ikuspegia emango dion akordioa. Iñaki Olalde oñatiarrak negoziazioetan parte hartu du, EH Bilduren EUDELeko ordezkari moduan.

  HABEren eta EUDELen arteko akordioak udal euskaltegien finantzazio-sistema berria ezarriko du 2026-2027 ikasturtetik aurrera, eta hasiera batean lau ikasturterako indarraldia izango du. Sistema berriak irakasleen kostuetan eta antzinatasunean oinarritutako aurreko eredua ordezkatuko du, jarduera-unitateetan eta emandako eskola-orduetan oinarritutako sistema sinplifikatuago eta homogeneoago baten bidez. Gainera, akordioak trantsizio-neurriak aurreikusten ditu, sistema-aldaketaren ondorioz kaltetuak izan daitezkeen euskaltegiek galerarik izan ez dezaten.

  Eusko Jaurlaritzak handitu egingo du udal euskaltegietara bideratutako finantzazioa: 2025-2026 ikasturteko 14,1 milioi euroetatik 2026-2027 ikasturtean 15,1 milioi eurora igaroko da. Horrek %7tik gorako igoera ekarriko du. Gaur egun, 38 udal euskaltegi daude eta bostehun bat profesionalek ia 9.000 ikasleri ematen diete zerbitzua. Oñatiko Bedita Larrakoetxea udal euskaltegian 3 irakaslek eta 69 ikaslek dihardute egun. HABE eta EUDELen arteko akordioaren helburua da udal euskaltegien finantza-egonkortasuna indartzea, kudeaketa administratiboa erraztea eta sistema euskaltegien gaur egungo errealitatera egokitzea.

  Ibone Bengoetxea lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak nabarmendu du akordioa helduen euskalduntzearen sisteman Jaurlaritza bultzatzen ari den eraldaketa zabalago baten parte dela. Jauzi kualitatiboa eman nahi dutela, eta, horretarako, lehentasunezko esparru bat dela ezagutza eta hizkuntza-gaitasuna. Ildo horretan, azpimarratu du euskararen erabileran jauzia eman nahi bada, doakotasun-politikak ez ezik, euskaltegi sare sendo eta egonkorra ere beharrezkoa dela.

  EUDELeko elkarteburuak, Esther Apraizek, berriz, esan du, euskal udalen aldarrikapen historiko bati erantzuten diola erakundeen arteko lankidetza akordioak, udal euskaltegien finantziazioa blindatzen duelako, milaka herritarrentzat funtsezko eta hurbileko zerbitzu publiko gisa sendotuz. Akordioak udal euskaltegien egonkortasuna indartzeko eta epe luzerako plangintza errazteko duen garrantzia azpimarratu dute udal ordezkariek.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!