Euskarazko azterketa izango dute bihar udalekuetako begiraleek

2. HE, B2 maila eskatu zuen Udalak udaleku irekietan begirale izateko. Aurkeztu eta onartu diren hautagai gehienek egiaztagiria presentatu zuten, baina hala egin ez zuten 8 lagunek bihar egin beharko dute euskara azterketa, udal web atarian argitaratu denez. Froga gaztelekuan izango da, 10:00etan. Ekainaren 23tik uztailaren 18ra egingo diren udaleku irekietarako 65 begirale kontratatuko ditu Udalak, aldi baterako. Gaur bertan argitaratu dira, merezimenduen behin betiko puntuazioak eta horren arabera kontratatzea proposatzen diren hautagaien zerrenda.
Baina Udalak hainbat hautaketa prozesu martxan ditu, kiroldegirako bi administrari laguntzaile edota brigadako pioi gidari plaza bat betetzekoak, esaterako. Hauen inguruan ere bada nobedaderik. Zubikoan arituko diren bi administrari laguntzaile plaza betetzeko hautaketa prozesuan zazpi lagunek jarraitzen dute. Hauei ere 2.HEren pareko euskara ezagutza eskatu zaie eta hala egiaztatu ez dutenei IVAPek egingo dituen azterketetara aurkeztu beharko direla jakinarazi zaie. Era berean, gaitasun eta nortasun probak izango dituzte datorren astean, maiatzaren 12an, Eltzian. Amaitzeko, maiatzaren 19an egingo diren elkarrizketa pertsonaletarako txandak ere zehaztu dira eta horiei buruzko informazioa, udalaren web atarian ikusi daiteke. Brigadako pioi gidari plaza betetzeko azken deialdira aurkeztu direnentzat ere oharra, azterketaldia datorren astean hasiko baita, maiatzaren 14an. Egun horretan, azterketa teoriko eta praktikoa egingo da.
Azkenik, esan, Udalak, Lurralde Antolaketarako arduradun plaza betetzeko iragarkia argitaratu berri duela Estatuko Boletin Ofizialean. Lanpostua barne promozioz beteko da.
Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!