Oñatiko udala

Euskaraz berba egiten hurbildu zitzaion emakume bati lepoko katea lapurtu zion atzo “besarkada solidarioa” erabiliz

2026/05/21
Card image cap
Halako gertaerak lehenbailehen jakinaraztearen garrantzia azpimarratu du Udaltzainburuak, beste behin

  Atzo goizean gertatu zen, Euskadi etorbidean; adineko emakume bati 30-35 urte inguruko neska hurbildu zitzaion aspaldi ikusi gabe zeudela esan eta besarkatuz. Etxera iristerakoan lepoko katea falta zuela ohartu zen baina ez zuen horren berri eman arratsaldera arte. Halako kasuak berehala jakinaraztearen garrantzia azpimarratu du Udaltzainburuak, gertaera lekura hurbildu eta inguruak miatzeko aukera izan dezaten eta herriko bi sarreren inguruetan kontrolak jarri eta deskribatutako pertsonekin bat etor daitezkeenak geldiarazteko. Hori eta besarkatzera datorkiguna ezezaguna bazaigu, urrundu eta ahalik eta ozenen txilixo egin, ingurukoak ohartaraziz lagundu diezaguten.

  Euskararen erabilera da atzoko lapurretaren bereizgarria, aurrez herrian salatu diren besarkada solidario kasuekin alderatuz. Adineko pertsonarengana hurbildu zen emakumeak euskaraz, zuzen, berba egiten zuen. Beste herri batzuetako udaltzaingotan halako salaketak jasota zeuden eta besarkada solidarioa erabiltzen duten lapurren profila aldatzen ari dela jakitun ziren Oñatikoak ere, baina gurean salatutako halako lehen kasua izan zen atzokoa. Edonola ere, gomendioa argia da: ezezagunen bat besarkatzera datorkigula ikustean, geldiarazi, eta ingurukoen laguntza eskatzeko txilixo, oihu, edo arreta deitzeko zerbait egin, udaltzainei gertatutakoaren berri berehalakoan ematearekin batera, ezer lapurtu ez badigute ere.

  Orain 15 egun halako beste bi kasu gertatu ziren Oñatin, Kasablankan eta Lope Agirre kaleetan, atzo azkena Euskadi Etorbidean eta adineko pertsona bati lepoko katea kendu zion.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!