Oñatiko udala

Euskararen aldeko pizkunde berri baten abiapuntua aldarrikatu dute Arantzazun

2025/11/07
Card image cap
Euskararen larrialdi egoeratik ateratzeko abenduaren 27an Bilbao Arenan egingo den ekitaldirako deia zabaldu da

  Euskaltzaleon garaia da izeneko adierazpena aurkeztu zuen Euskalgintzaren Kontseiluak Arantzazuko Santutegian, atzo arratsaldean. Tokia propio aukeratu zen, euskararen eta euskaltzaletasunaren historian duen garrantzia eta erreferentzialtasuna kontutan hartuta. Euskara eta euskal hiztun komunitatea larrialdi linguistikoan daudela adierazi zuen Euskalgintzaren Kontseiluak orain hilabete batzuk, baina etsita geratu barik, itxaropenerako eta berpizkunde berri baterako aldarrikapena egin zen Arantzazun, atzo.

  Euskaltzaletasuna itxaropena ez ezik, mundua ikusteko modu bat dela aldarrikatzen du Euskaltzaleon garaia da adierazpenak; hizkuntza-supremazismoaren kontrako jarrera, hizkuntzen berdintasunaren aldekoa, herri, kultura, hiztun komunitate eta hiztunen berdintasunarekin engaiatua. Hau da, euskaltzale izatea euskararen normalizazio eta biziberritzearen alde egotea ez ezik, minorizatutako gainerako hizkuntza guztien alde egitea ere badela aipatzen du. Euskararen etorkizuna jokoan dagoela eta eguneroko milaka erabaki, ekintza eta keinuen bidez euskaren normalizazio eta biziberritzearen alde egitea aldarrikatzen du idatziak. Nafarroan eta iparraldean euskarak ofizialtasuna behar duela, oldarraldi judizialaren bidez jarri nahi zion hesia baztertu behar dela eta hizkuntza politika anbiziotsu eta sendoak behar direla aipatzen da, besteak beste. Horren harira, abenduaren 27an Bilbao Arenan bilduz Pizkundearen lehen txinparta pizteko deia zabaldu zen Arantzazun.

  30etik gora eragile eta euskaltzaleren agerraldia izan zen atzokoa eta bertaratu ezin izan zuten beste hainbatek beraien atxikimendua azaldu zuten. Amaieran, berpizkunde hori Kontxita Beitia andereño izandakoak eta Baionako Etxepare lizeoko ikasle talde batek irudikatu zuten; eskutan zeraman kriseilua eman zien Beitiak gazteei, belaunaldien arteko transmisioa irudikatuz.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!