Oñatiko udala

Euskaraldian parte hartzeko gonbidapena egin da Udaletik

2025/05/15
Card image cap
Adierazpen Instituzionala irakurri zen apirileko Osoko Bilkuran

  Gaur hasi eta maiatzaren 25era arte luzatuko da IV. Euskaraldia. Aurrez, apirilaren 30ean, gaiari buruz berba egin zen Osoko Bilkuran eta Adierazpen Instituzionala irakurri zuten Iñaki Olaldek eta Amaia Erostarbek, erdibana. Lau puntu hauek aipatzen dira adierazpenean: Oñatiko Udalak Euskaraldia ekimena babesten du eta herri bezala parte hartuko du ariketan; gizartean eta herrian bertan Euskaraldia sustatuko du, ariketarako atxikimendu publikoa erakutsiz; Udalean euskararen alde urrats esanguratsuak eman eta ikusaraziko ditu eta udaletxeko baloian Euskaraldiaren berri ematen duen lona jarriko da Euskaraldiak irauten duen bitartean. Era berean, herritarrak Euskaraldian izena eman eta parte hartzera gonbidatu ziren.

  1.800 herritar pasa animatu dira izena eman eta Belarriprest edo Ahobizi txapa jartzera. Batzuek H bat ere eramango dute txapan, Oñatik Euskaraldia Hikan parte hartzen baitu. H hizki horrek hitanoa sustatzea du helburu eta paparrean daramanak noka-toka ez jakin arren, berari hala egitea eskatzen digu. 

  Hiru urtez udazkenean egin ondoren, udaberrira ekarri da aurten Euskaraldia, kalean gehiago gabiltzala, euskararen erabilera areagotze aldera. Hizkuntza ohiturak aldatzeko erronka moduan proposatzen da ariketa sozial hau eta maiatzaren 25era arte luzatuko bada ere, garrantzitsua da, ondorengo egun, aste eta urteetan eustea.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!