Oñatiko udala

Euskara departamentuak kudeatzen dituen dirulaguntzak aztergai izango dira gaurko Tokiko Gobernu Batzarrean

2026/06/18
Card image cap
Musika eskolarekin hitzarmena berritzeaz eta Eltziako jarduera legeztatzeaz ere arituko dira

  Udalak eman ohi dituen dirulaguntzak departamentuka biltzen dira eta hala deitu ohi dira, denak aldi berean pilatu ez daitezen. Euskara departamentuak kudeatzen dituen programen gainekoak errepasatuko dira arratsaldeko bileran eta oinarriak onartu eta deialdia zabaltzeko. Euskara ikasleei edota errotulazioa euskaraz egiten duten merkatari eta ostalariei zuzendutako dirulaguntzak dira, besteak beste.

  Dirulaguntza izaten da, baita ere, Udalak eta Musika eskolak urtero sinatzen duten lankidetza hitzarmenaren ataletako bat. Baina bi erakundeen arteko harremanak, baliabideak eta funtzionamendua ere zehazten dira. 2026ko hitzarmena zertan den azalduko zaie gobernu taldeko kideei, Kultura batzordetik bideratu den proposamena onartu dezaten.

  Eltziaz ere arituko dira aste honetako bileran. Eltzia eraikina ekipamendu balioaniztun gisa egokitu eta horren jarduera legeztatzeko proiektua egin da eta bertan jasotako lanak bideratzea proposatuko da.

  Garapenaren aldeko lankidetzako dirulaguntzen baitan, larrialdiko laguntza eta ekintza humanitarioko proiektuak finantzatzeko HOTZ Oñatik egin duen eskaera aztertuko da eta gazteen emantzipaziorako eskaera bat ere bideratuko da. Bestalde, Txosna batzordean ikuspegi antiarrazista eta deskoloniala txertatzeko prozesuaren diseinu, prestakuntza eman eta protokoloa garatzeko zerbitzua kontratatzea jaso da gaurko gai zerrendan. Guztira, 8 puntu zerrendatu dira.

Iturria: Oñati Irratia

 

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!