Oñatiko udala

Euskaltegiko irakasle lanpostua aldi baterako bete nahi du Udalak

2026/09/25
Card image cap
Lanbideren bitartez zabaldu du deialdia eta irailaren 30a da izena emateko azken eguna

  Ikasturtea hasteko puntuan dago eta jaso den matrikula kopuruari erantzun ahal izateko euskara irakaslea behar da udal euskaltegian. Bi irakasle lanpostu betetzeko lehiaketa-oposizioa martxan da baina hautaketa prozesua burutu bitartean, aldi baterako kontratazioa egitea ezinbestekoa da. Udalean nahiz beste herrietan egin diren hautaketa prozesuetatik eratutako lan poltsetara jo da baina ez da inor topatu eta Lanbidera jo da deialdia zabaltzeko. Kurtsoa hastear dago, esan bezala, eta lanpostua betetzeko prozesua ahalik eta arinen osatu asmo da. Horregatik, atzo ireki zen izena emateko epea asteazkenean, irailaren 30ean itxiko da.
Bi baldintza bete behar dira hautaketa prozesura aurkezteko: unibertsitate mailako titulazioa edo baliokidea izan behar da eta euskarari dagokionez, 4. hizkuntza-eskakizuna edo pareko maila. Izen-ematea Lanbideren web ataritik egin behar da.

  Hautaketa prozesuan merezimenduak eta lan esperientzia baloratuko da eta beharra ikusiz gero, elkarrizketa ere egin dakieke puntuazio handiena lortu duten hautagaiei. Kasu horretan, gaitasun profesionala, eginkizunetara egokitzea eta beste zenbait alderdi baloratuko dira. Hautatutakoa berehalakoan hasiko da lanean.

  Bitartean aurrera darrai udal euskaltegiko bi irakasle plaza betetzeko hautaketa prozesuak. Lehen azterketa irailaren 11an egin zen eta hurrengoa urriaren 16an izango da. Deialdiko gaitegi espezifikoaren eta lanpostuaren eginkizunen gaineko ahozko azterketa teoriko-praktikoa izango da eta prozesuan dirauten 11 hautagaiek banaka egingo dute. Lehena, 8:50etarako deitu da eta azkena 12:30etarako.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!