Oñatiko udala

Euskalgintzako ekimen ezberdinetarako 8 dirulaguntza eman ditu Udalak

2026/07/02
Card image cap
Hezkuntzako jaiak, ikasmateriala euskaraz sortu edota euskararen erabilera sustatzeko laguntzak dira

  Euskalgintzan diharduten 8 elkarte edo ekintzen antolatzaileei dirulaguntza zuzenak ematea onartu zen azken Osoko Bilkuran. Horietako lau eskola jaietarako dirulaguntzak dira eta Goieskola, Kilometroak eta Ibilaldia jaietarako 320na euro bideratzea erabaki zen, Nafarroa Oinez jaira berriz, 700 euro, lurralde horretan euskarak eta ikastolek duten egoera kontutan hartuta.

  Badihardugu Deba ibarrako euskara elkartiak ere jasoko du udal dirulaguntza; elkartearen eta Udalaren arteko harremana aspalditik dator, 2001etik, hain zuzen. Herriko hizkerak jaso, zabaldu eta erabiltzeko aholkularitza eta orientazio zerbitzua eskaintzen die eskualdeko Udalei eta 2016an eguneratu zen lankidetza hitzarmenean, bizilagun bakoitzeko 0,05 euroko ekarpena egitea adostu zen. Horren harira, aurten, 575 euroko laguntza ematea onartu zen osteguneko Osoko Bilkuran. 

  Kontseiluari eta Behatokiari  dirulaguntza ematea ere erabaki da, lehenari, euskararen normalizazioaren aldeko aurrera pausoak ematen jarraitzeko eta bigarrenari, euskal hiztunen hizkuntza eskubideaz arduratu eta horiek bete daitezen bermatzeko ekintzetarako. Bakoitzak 660 euro jasoko ditu.

  Azkenik, Laneki elkartera dirulaguntza bideratzea ere erabaki zen ekaineko Osoko Bilkuran. Lanbide Heziketan euskara normaltasunez erabili ahal izateko ikasmateriala sortzeaz arduratzen da Laneki eta ekimen horretarako 2.117 euro emango zaizkio. Oñatiko Udalaren eta Laneki elkartearen arteko lankidetzak ere ibilbide luzea du, aipatu dirulaguntzak 2015 urteaz geroztik ematen baitizkio Udalak.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!