Euskal ordezkaritzaz hasi da Lege soziologia Institutuan memorializazioaren gaineko mintegia
Giza eskubideen urraketa larrien ondoren memorializazioaren praktikak eta gizartea berreraikitzeko prozesuak izeneko mintegia hasi da gaur Unibertsitate Zaharrean. Mintegiaren koordinatzaileetako bat Gema Varona da, Kriminologiaren Euskal institutuko kidea. Iratxe Momoitio Astorkia adituak berriz, euskal kasu baten gaineko ponentzia aurkeztuko du. Gerra Zibila eta frankismoko biktimen omenez Euskal Herrian eraiki diren monumentuez eta hauek memoria berraktibatzeko izan duten garrantziaz berba egingo du. Momoitio, mintegian parte hartzen ari diren dozena adituetako bat da.
Mintegiaren koordinatzaileen esanetan justizia penalak berez ez die erantzun egoki edo osoa eskaintzen biktimei, eta ez du berez laguntzen gatazka baten ondorengo gizartea berreraikitzen ere. Memorializazio-praktikak aldiz, ezinbestekoak dira, egindako okerren eta horien ondorioz sortu ziren biktimen errekonozimendu publikorako.
Bihar arratsaldera arte luzatuko den mintegiaren helburua da biktima izatearen sentimendua nola eraikitzen den ikertu eta memorializazio praktiken bidez giza-berreraikitze prozesuekiko justizia pertzepzioa nola sortzen den aztertzea. Hainbat kasuren inguruko ikerketak aurkeztu eta konparatuko dira, eta gizartea berreraiki edo berradiskidetzeko testuinguruan memorializazioaren gaineko praktika onak eztabaidatuko dira.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!