Euskal errepublikaren eguna hiru ekitaldiz ospatuko du EHUN mugimenduak Oñatin

2020/01/21
Card image cap
Burujabetza arlo ezberdinez bi hitzaldi eta proiektuen azoka antolatu dira otsailerako

  Burujabetza aldarrikatzetik haratago, praktikara eramatea proposatzen du EHUN herri mugimenduak, edozein alorretan erabakitzen dena erabakita, praktikara eramatea. Zentzu horretan Euskal errepublikaren aldeko ekintzak antolatu dira, burujabetzan oinarritu eta dagoeneko martxan diren hainbat ekimen ezagutzera emateko asmoz.

  Espainia eta Frantziako legediek ahalbideratu edo ez, baimena eskatzea bukatu dela esan zuten EHUN mugimenduko ordezkariek iazko azaroan egin zuten aurkezpen-agerraldian. Euskal errepublikaren alde egiteko eguna otsailaren 15a izango zela ere aurreratu zuten. Egun horren bueltan bi hitzaldi eta azoka antolatu ditu EHUN mugimenduak Oñatin.

  Lehen hitzaldia otsailaren 5ean eskainiko da eta Goiener kooperatibaren inguruan izango da, hau da, burujabetza energetikoaren inguruan. Bigarrena berriz, telekomunikazioak ardatz hartuta IZARKOM ezagutzeko aukera izango da, alegia, Euskal Herriko telekomunikazio operadore kooperatiboa. Bigarren hitzaldi hau, otsailaren 12an egingo da. Biak ere, Kultur etxean izango dira, 18:30tan hasita. Eta otsailaren 15erako berriz, aipatu Goiener edota Izarkom moduko beste proiektu batzuk ezagutzeko aukera izango da Burujabetzaren eraikuntzan ari diren proiektuen herri azoka antolatu delako. Plazan bertan izango da, goizean zehar.

  Ekintza hauen bidez, EHUN mugimendua Oñatin ezagutzera eman nahi da eta burujabetza praktikara eramateko bideak dagoeneko urratzen ari direla erakutsi nahi da, besteak beste.  

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!