Euskadi etorbideko argiteria berrituko da

2020/05/27
Card image cap
78 luminaria aldatu eta zebrabideetako argiztapena hobetuko da

  Herriko beste gune batzuetan bezala, Euskadi etorbidean ere ur-hornidura eta saneamendu lanak egiten ari direla probestu da argiteria azpiegitura berritzeko. Obra zibila amaitzear dagoen honetan instalazio-lanak egitea erabaki da. Kaleko argiteria berritu egingo da, instalazioa eraginkorragoa bihurtu eta aurrezpen energetikoa hobetzeko helburuz. Era berean, Partaidetzazko Aurrekontuetan herritarrek egindako eskaera aintzat hartuta, lan eremuko zebrabideak ere aztertu dira eta hobeto argiztatzea erabaki da.

  Euskadi etorbideko argiteria ez ezik, Kurtzebide, Maria Irizar eta Patrue kaleetako eta Bidaurretako biribilgunekoa ere berrituko da eta GI-2630 errepideko Aita Lizarralde eta Lazarraga kaleetako zebrabideak hobeto argiztatuko dira, inguruan istripu edo ezbehar-tasa handiena dutenak baitira.

  Egun dauden sodiozko luminariak kendu eta led motakoez ordezkatuko dira. Guztira, ezaugarri ezberdineko 78 luminaria berri jarriko dira. Argi puntu horietatik 19 gainera, zutoin berrietan jarriko dira, egungoak baino kokagune hobean. Horretan ari dira aste honetan udaleko elektrizista eta brigadako langileak, hau da, egungo argi puntuen egoera eta kokapena aztertzen, bereziki berdeguneetan daudenen hodi eta hariteria errebisatzen. Eta aldatu behar direnen kasuan zutoin berrietarako instalazioa egiten hasi dira.

  Euskadi etorbideko  argiteria hobetzeko lanok, argi zutoinak eta luminariak kokatu eta konexio lanak barne, 37.979,03 euroko aurrekontua dute.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!