Eskualdeko enpresa txiki eta ertainentzat bi prestakuntza programa antolatu ditu Debagoieneko Mankomunitateak
Debagoieneko Mankomunitateak eskualdeko enpresa txiki eta ertainen beharrei erantzuteko bi prestakuntza-programa antolatu ditu azarorako, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin. Egitasmo horien helburua da enpresei eguneroko kudeaketan dituzten erronkei aurre egiten laguntzea, haien jarraitutasuna, lehiakortasuna eta erabakiak hartzeko gaitasuna indartuz. Bi programek ikuspegi praktikoa izango dute eta enpresetako arduradunei beren errealitatera egokitutako tresnak eskainiko dizkiete: alde batetik, belaunaldi-erreleboa eta ezagutzaren transferentzia, eta, bestetik, negozioaren datu ekonomikoak ulertzea eta erabaki hobeak hartzea.
Ostegunetan, belaunaldi-erreleboa eta ezagutzaren transferentzia enpresa txikietan gaia landuko da. Enpresa txikietan funtsezko ezagutzak pertsona gutxi batzuen esku egon ohi dira. Pertsona horiek erretiroa hartzen dutenean, edo enpresa uzten dutenean, ezagutza horren galerak jardueraren jarraitutasuna arriskuan jar dezake. Lau saio praktikoetan, enpresa bakoitzak bere egoera aztertu, arriskuak lehenetsi eta ezagutza transferitzeko neurri zehatzak definituko ditu. Lehen formakuntza hau ostegunetan emango da, esan bezala, azaroaren 5ean funtsezko lanpostuak, pertsonak eta ezagutzak identifikatuko dira; 12an, erreleboarekin lotutako arriskuak hauteman eta lehenetsiko dira; 19an, ezagutza transferitzeko tresna errazak erakutsiko dira eta 26an, ibilbide orria eta ekintza zehatzak definituko dira. Saioak goizeko 9:00etatik 13:00eta izango dira.
Bigarren formazio programa negozioaren zenbakiak ulertu eta erabaki hobeak hartzeko egitasmoa izango da. Hau ere azaroan emango da, ostiraletan. Innobideren Dirigir con números programak kudeaketa ekonomiko-finantzarioa hobetzeko tresna praktikoak eskaintzen ditu, kontabilitatearen ikuspegi tekniko hutsetik harago. Kostuen eta marjinen azterketa, diruzaintzaren aurreikuspena eta adimen artifizialaren erabilera landuko dira, ohiko enpresa-egoeretan oinarritutako ariketen bidez. Honetan ere lau saio presentzial emango dira, azaroaren 6, 13, 20 eta 27an, 9:30etatik 12:30etara.
Batean edo bestean parte hartzeko izena eman behar da. Eskualdeko enpresa txiki eta ertainen lehiakortasuna indartzea da bi prestakuntza programa hauen helburua eta parte hartzera animatzen ditu Mankomunitateak. Informazio gehiagorako mankomunitateko web atarira (www.debagoiena.eus) jo daiteke edo garapen agentziakoekin harremanetan jarri honako telefono zenbakian: 943 793 090.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!