Oñatiko udala

Europar hauteskundeetan abstentzioa izan da berriro ere hautesleen gehiengoak egin duen hautua

2014/05/26
Abstentzioa, orain 5 urte baino bajuagoa izanik ere, % 53koa izan da Oñatin. Alderdi bozkatuena berriz, EH Bildu izan da eta bigarrena, EAJ.

Alde horretatik Debagoienean eta Euskal Autonomia Erkidegoan orokorrean gertatu denaren isla izan da Oñati. EH Bilduk ia 2.000 boto eskuratu zituen, EAJk baino 500 gehiago.

  2004ko emaitzekin konparatu ahal izateko, lehenik gogoratu behar da EH Bildu ez zela orduan aurkeztu eta ezker abertzalearen bozkak, EA-Aralar eta Iniciativa Internacionalista-ren artean banatu zirela. Hauek lortu zituzten botoak batuta, EH Bilduk 600 boto gehiago eskuratu zituen atzo.

  EAJk ere orain 5 urte baino boto gehiago lortu zituen atzo baina aldea dexentez txikiagorekin, 15 boto gehiago jaso baitzituen atzo.

  Orain 5 urteko datuekiko igoera izan duen beste alderdia, Izquierda Unida-Ezker Batua da, 127 botorekin aurreko Europar hauteskundeetan baino 77 boto gehiago eskuratu baitzituen.

  Txanponaren bestaldean, estatuko joera nagusia gurean ere berretsiz, PPk eta PSOEk orain 5 urte baino boto gutxiago jaso zuten atzo Oñatin.

  Aipagarria da bestalde PODEMOSen hautagaitza. Sortu eta hilabete gutxira indar handiz sartu da alderdi hau bai estatuan eta baita Oñatin ere. Gurean, estreinako hauteskunde honetan, 87 boto eskuratu baitzituen.

  Hauteskunde zita bakoitza berezia da noski eta ezin dira bateko emaitzak besteetara eraman baina atzoko datuek orain arteko lanean jarraitzeko animo eta indarra ematen diela adierazi digu Mikel Biain alkateak. Lourdes Idoiaga jeltzalea ere pozik azaldu da lortutako emaitzekin.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!