Europako konstituzionalismo berria aztertzen ari dira Lege Soziologia Institutuan
Konstituzionalismo berria? galderari erantzuten saiatuko dira Lege Soziologia Institutuan bildu diren adituak bihar arratsaldera arte luzatuko den mintegian. Europa erdi eta ekialdean azken hamarkadetan nagusitzen ari diren prozesu eta egoerak aztertuko dituzte. Izan ere, gizarte ordenaren ikuspegi liberal demokratikoa gailentzen ari da eta geroz eta ohikoagoa da eztabaidatsuak diren erabaki politikoak auzitegietan amaitzea. Europako hainbat herrialdeetan indarra hartzen ari diren teoria politiko eta konstituzionalistak aztertzen ari dira unibertsitate zaharrean.
Europa erdi eta ekialdeko herrialde askotan demokrazia mota berri bat indartzen ari dela azpimarratzen dute adituek, demokrazia iliberala deritzotena, hau da, populista eta nazionalista dena eta bere burua krisiari erantzun politiko gisa aurkezten duena . Gaur hasi den mintegiaren helburuetako bat hain zuzen ere, proposamen berri horiei erantzuna ematea da konstituzionalismoaren eta zuzenbide estatuaren ikuspuntutik.
Lege Soziologia institutuan goizean hasi den mintegia Adam Czarnotak koordinatzen du, institutuko zuzendari zientifiko ohiak. Unibertsitatean bildu diren aditu gehienak europarrak dira, 24 guztira, eta Belgika, Grezia, Errumania, Erresuma Batua, Polonia, Eslovenia, Txekiar Errepublika eta Alemaniatik etorritakoak, badira ordea, Czarnotaren beraren antzera Australiatik edo Hego Koreatik etorritakoak ere.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!