Oñatiko udala

Euri urak husteko erregistro berria ireki da Aita Lizarralde kalean

2026/04/14
Card image cap
San Martingo zubitik Roke Azkunerako tartean sortzen zen putzu handia saihestu nahi da

  GI-2630 errepide nagusiaren 16. kilometroaren parean euri urak pilatu eta putzu handia sortzen zela ikusita, uren hustuketa hobetzeko lanak egitea erabaki zen Alkate Dekretuz. Errepidea Foru Aldundiarena den arren, toki erakundeen eskumena da titulartasun publikoko zerbitzu, ekipamendu, azpiegitura eta instalazioen erabilera antolatu eta kudeatzea. Horretan oinarrituta, udalaren kontura egin da obraren kontratazioa eta atzo bertan hasi ziren lanean.

  Excavaciones Arrasate SL enpresari esleitu zaizkio lanak, 3.642 eurotan. Aita Lizarralde kalean, San Martingo zubitik Roke Azkunerako tartean, aipatu putzua sortzen den gunean, errepidea zulatu eta hustubidea egokitu da, espaloiaren kontran, dagokion hodia jarrita. Zuloa estali eta espaloian losak jartzea falta da soilik. Lanak atzo goizean hasi zituzten eta, lanak egin bitartean, errepidea hestutzeko babes-neurriak hartu ziren, langileen segurtasuna bermatze aldera. 

  Urak husteko estolda-zulo berria egokitzen ari diren errepide tartean putzu handia sortzen zen euria egiten zuen uneoro, ibilgailuentzat arazo izan arren, traba, bereziki, espaloitik oinez zihoazenentzat zen, goitik behera bustitzeko arriskua zutelako, inolako ihesbiderik gabe. Egoeraren berri emanez hainbat abisu eta kexa jaso zituzten udaletxean eta arazoa konpontzea erabaki da, dagokion txosten teknikoa egin ondoren.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!