Etxeetako obra hondakinak Garbigunean botatzeko udalaren baimen-txartela behar dela gogorarazi du Mankomunitateak

2019/05/07
Card image cap
Lan txikietako hondakinak botatzea ere mugatuta dagoela jakinarazi du

  Debagoieneko mankomunitateak ordenantza bidez araututa dauka etxeetako obra txikien hondakinen bilketa. Ordenantzan zehazten denez, hondakinak eskualdean dauden hiru Garbiguneetako batera eraman behar dira eta partikularrek ez ezik, merkatariek edo sektorean diharduten profesionalek eraman ditzakete.

  Garbigunearen funtzionamendua ere ordenantzan zehazten da; hondakinen zerrenda eta mugak atalean,  zein hondakin mota eta zein mugen barruan bota daitezkeen zehazten da. Hala, etxeetan egiten diren obra txikien hondakinak Garbigunera eramateko udalaren baimen-txartela beharko dela adierazten da. Etxean obra egin aurretik udal baimena eskatu behar da eta horrekin batera hondakinak Garbigunean botatzeko txartela emango zaio baimen eskatzaileari. Txartela aurkeztu ezean ez da eskonbrorik jasoko Garbigunean. Horrela, etxeetako obrak modu erregularrean, hau da, udal baimenaz egiten direla ziurtatu nahi du Mankomunitateak. Hondakinak zein herritan bota daitezkeen ere mugatzen da. Oñatin, Urrutxuko Garbigunera, Oñatiko udalak baimendutako obretako hondakinak soilik bota daitezke.

  Badira ordea etxeetan pilatzen diren beste hondakin batzuk: kristalak, errautsak, landare ontzietako lurra, esaterako. Hauek ere eskonbro izaera dute Mankomunitateko ordenantzan eta era berean, mugatuta daude. Etxeetan sortzen diren era honetako hondakinak baimen orri edo txartelik gabe eraman daitezke Garbigunera. Baina, erabiltzaile bakoitzak gehienez hondakin hauen 100 litro eraman ahal izango du hilabete bakoitzeko. Hilabeteren batean 100 litroko mugara iritsiz gero gainera, hurrengo 4 hilabeteetan ezingo du halako hondakin gehiago eraman Garbigunera.

  Dirudienez, Garbigunetara obra txartelik gabe joaten diren erabiltzaileak ugaldu egin dira azkenaldian. Ondorioz, Mankomunitateak, indarrean den ordenantza gogorarazi nahi izan du, zerbitzua egoki erabili dadin.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!