Etxebizitzaren inguruan udal gobernuaren ekintza falta salatu du EAJk
Etxebizitzaren krisiaren aurrean udal gobernuak ez duela ezer egiten ohartarazi du Oñatiko EAJk prentsara zabaldutako idatzi bidez; udalerrian gero eta handiagoa den etxebizitza eskaerari erantzuteko planak besterik ez direla aurkezten diote, ez benetako konponbideak. Oñatin, eraikuntza, erosketa eta alokairua sustatzeko, malgutasuna eta neurri eraginkorrak behar ditugula adierazi du Amaia Erostarbe bozeramaile jeltzaleak. Ildo horretan, EAJk hainbat proposamen egin dituela aipatzen da oharrean.
Hobari fiskalak zabaltzea proposatu dute jeltzaleek, jabeak etxebizitzak alokairuan jar ditzaten sustatzeko. Konkretuki proposatzen dute, merkatu librean alokairuko etxebizitzetarako Ondasun Higiezinen Zergan %50eko hobaria ematea, eta Eraikuntza, Instalazio eta Obren gaineko Zerga doitzea, alokairura bideratutako etxebizitzen erreformak errazteko. Etxebizitzak eraikitzeari buruz, bestalde, Otadui kalean, Kurtiderixan, lurrak erosteko aukera planteatu zuten jeltzaleek, 60 etxebizitza arte eraiki ahal izateko. Eta Italde sustatzailearekin batera etxebizitzen eraikuntza gidatu eta bultzatzea, Kurtzekuan gutxienez 12 etxebizitza eraikitzeko. Proposamen guzti horiei ezezkoa eman zaiela gogorarazten du EAJk prentsa oharrean.
Lanean jarraitzeko prestutasuna dutela adierazten dute jeltzaleek, etxebizitza krisiari aurre egiteko funtsezkoa dela uste baitute, eta Oñatiko etxebizitzaren arazoari irtenbidea emateko jardutea premiazkoa dela adierazi du Amaia Erostarbek.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!