Etxebizitza plana herriratu du Udalak, lanketan parte hartu duten aholkularitzen laguntzaz
Urteetako lanketaren ondotik, Etxebizitza planaren jendaurreko aurkezpena egin du Oñatiko Udalak asteartean, herriko kultura etxean, Gislan eta Hiritik At aholkularitzen laguntzarekin -eurek izan dute diagnostikoa zein ekintza plana lantzeko ardura-. Zehatz esanda, Oñati gune tentsionatu izendatzeko tramiteak hasi berritan antolatu da hitzaldia, herritarrek jakin dezaten zein den herriaren egoera eta zeintzuk diren epe motzean landu litezkeen ekintzak, eta zalantzak argitzeko aukera izan dezaten. Izaro Elorza Arregi alkatea, Iñigo Ruiz Barron Hirigintza batzordeburua, Imanol Esnaola Arbiza Gislaneko zuzendaria eta Ander Zangitu Orbea Hiritik Ateko kidea izan dira solaskideak.
Hain zuzen ere, Gislan aholkularitzak izan du herriaren egoera ezagutzeko diagnostikoa egiteko ardura. Azaldu duenez, askotarikoak izan dira bide horretan azterturikoak, eta horietan adierazgarrienak aipatu ditu hitzartzean: biztanleriaren bilakaera, bizikidetza unitateen ugaritzea, etxebizitza parkeak azken urteetan izan duen hazkundea… Besteren artean, azpimarra berezia jarri du demografiaren bilakaeran, azken urteetan izandakoan zein aurrera begirakoan. Joerak berdinean jarraituko balu, datozen urteetan herriak ez luke aparteko biztanleria igoerarik izango. 2040an, adibidez, soilik 190 biztanle gehiago leudeke. Gainera, azken urteetan, nabarmen hazi da Oñatiko etxebizitza parkea, 2010 eta 2023 urte bitartean, %9,2, 5.070 izatetik 5.538 izatera; EAEko eta Gipuzkoako batez bestekoetatik gora dago, alde esanguratsuarekin. Ostera, aldatuz doaz etxebizitza ereduak eta tamainak, bizikidetza unitate kopurua goraka badoa ere, kide gutxiagoz osaturikoak baitira orokorrean. Beraz, diagnostikoa oinarri, ez da etxe gehiago eraikitzeko aparteko premiarik ikusten, azaldu du Gislaneko zuzendariak.
Era berean, alokairuaren inguruan egin du berba. Orotara, 219 dira Etxebide etxebizitzaren euskal zerbitzuan erregistraturiko etxebizitza eskaerak, eta alokairuari loturikoak dira horietatik %83,1
-diru-sarrera ertain edo apalekoak dira horiek gehienak-. Datu horiek esku artean, aurreikus daiteke sarrera ertain-altua duten herritarrek merkatu pribatuaren bidez lortu ohi dutela etxebizitza. Gainera, ikusten da Etxebideko eskaera gehienak alokairuari loturikoak direla, alde handiz, gainera. Etxebizitzaren auziari irtenbidea emateko ekintzak eta horien zelakotasuna zehaztean, kontuan hartu beharreko datua da hori. Garrantzitsua da alokairuari begirako ekintzak bultzatzea, argitu du Gislaneko zuzendariak. Oro har, azken urteotan gora egin du alokaturiko etxebizitza kopuruak Oñatin: %5,7koa zen 2011n, eta, 2023an,
%9,1 -urte hartan, orotara, 434 etxebizitza zeuden alokairuan-.
Diagnostikoari lotutakoak eta egoeraren nondik norakoak azaldu ostean, hiru urteko epealdirako landuriko ekintza planaz jardun du Hiritik At aholkularitzako kideak -Hiritik Atek jardun du ekintza planaren
lanketarekin-. Gislanek egindako diagnostikoa zein Debagoiena mailan egindako lanketa ditu oinarrian ekintza planak. Etxebizitza politikak bere osotasunean lantzeko aukera eskaintzen du, alor edo estrategia bakar batera mugatu barik. Aberasgarria da hori. Hori bai, etxebizitzaren arazoa ezingo da egun batetik bestera konpondu, izan ere, gaurko egoera, azken 50 urteetan bultzaturiko etxebizitza politika okerren ondorioa da. Argi izan behar dugu hori. Finean, joera eta norabidea aldatu beharra dago, eta horretan lagunduko du ekintza planak, etxebizitza politikak bide onean jartzen, alegia, esan du Hiritik At aholkularitzako kideak hitzartzea hasi berritan.
Oro har, hiru lehentasun izan ditu lanketak: etxebizitza hutsak mobilizatzea eta arrazoizko prezio zein baldintza duinetan eskuratu ahal izatea; herritarrei etxebizitza alorreko baliabide gehiago eta zerbitzu hobeak eskaintzea -bereziki aipatu dira landa eremuan bizitegiak eraikitzeko bideak lantzea, etxe handien segregaziorako baldintzak sortzea eta alde zaharreko etxeen birgaitzerako erraztasunak eskaintzea-; eta, etxebizitza politika egokiago eta eraginkorragorako, erakunde desberdinen arteko koordinazioa hobetzea.
Horiek oinarri, askotariko ekintzak proposatzen ditu Etxebizitza planak. Askotariko neurriak proposatzen dira, etxe jabeentzat zein etxe bila ari direnentzat lagungarri. Badaude norbere jabetzako etxea alokatzeko bermeak eskaintzen dituzten programa publikoak, etxebizitza handien edo baserrien segregazioa ahalbidetzen dituzten arau edo ordenantza aldaketak, etxe bila ari direnendako laguntzak, etxe hutsak mobilizatzeko neurriak…, argitu du Hiritik Ateko kideak. Auziari irtenbide integrala eta eraginkorra ematea da asmoa, gaineratu du.
Etxebizitzaren gaia lehentasuna da Oñatiko Udalarentzat. Halaxe berretsi du alkateak: Etxebizitzaren gaia lehentasuna da Udal gobernuko kideontzat. Hori horrela, azterlanarekin eta ekintza planaren lanketarekin jardun dugu azken urteotan: lehenik, Debagoiena mailako lanketa egin genuen EH Bildutik, eta, ostean, Oñatiren inguruko azterketa zehatza egin dugu Gislan eta Hiritik Atekin. Oñati gune tentsionatu izendatzeko tramite administratiboak ere hasi ditugu berriki. Beharrezkoa da auziari herriko errealitatera egokituriko irtenbide eraginkor eta integralak ematea, eta, eskumena zuzenean udalona ez bada ere, prest gaude ditugun mugetatik eta elkarlanetik, auziari irtenbidea emateko lanean jarraitzeko.
Bere aldetik, Hirigintza batzordeburuak azaldu du auziak politiken norabidea aldatzea eskatzen duela. Berretsi da azken urteetan etxebizitzaren alorrean egindako politikak ez direla eraginkorrak. Egungo egoera da horren erakusle. Auziak irtenbide integral bat eskatzen du, ondo landutakoa. Ideia horrekin egin da gaur aurkezturiko ekintza plana, adierazi du. Era berean, esan du Udala hasia dela Etxebizitza planak barnebilduriko zenbait ekintza edo zehazturiko zenbait irizpide egikaritzen. Horri loturik, alkateak aurreratu du etxebizitzak alokairuan jartzeko etxejabeentzat lagungarri diren programen (ASAP, Bizigune…) berri emateko saio informatiboak egingo direla datozen hilabeteetan.
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!