Eten egin da esku-hartze sozioedukatibo eta psikosoziala egiteko zerbitzuaren kontratazio prozedura

2022/03/08
Card image cap
Eskatzen den langileen profila errekurritu egin du AGISAS elkarteak

   Integratzaile Sozialen eta Animatzaile Soziokulturalen Gipuzkoako elkartea da AGISAS eta errekurtso berezia jarri die esku-hartze sozioedukatibo eta psikosoziala egiteko zerbitzuaren esleipen prozedurarako udalak zehaztu zuen baldintza teknikoei, konkretuki, zerbitzua eman beharko luketen langileen profila zehazten duen puntuari.

  Zerbitzuaren garapenean zuzenean arituko den lan taldea bost lagunek osatu beharko dutela zehaztu zuen udalak deialdian, hiru hezitzailek eta bi psikologok, eta Oñatin lanean arituko den taldearen jarduna gainbegiratu eta aholkulari eta orientatzaile ardurak hartzeko beste langile bat izendatu beharra ere jaso zen baldintzetan. Langile bakoitzaren titulazioa eta euskara maila, besteak beste, zehazten dira baldintza teknikoen plikan. AGISAS elkarteak oinarri horien kontra jo du eta berez esleipen prozesua etetea eskatzen ez zuen arren, udalak, hala egitea erabaki du kontratu errekurtsoen administrazio-organoak erabakia hartu bitartean.

  Babesgabetasun egoeran dauden adingabe eta familiei eta bazterkeria arriskuan dauden helduei zuzendutako zerbitzua da udalak esleitu asmo duen esku-hartze sozioedukatibo eta psikosoziala egiteko zerbitzua. Deialdia argitaratuta hainbat proposamen aurkeztu ziren udal bulegoetan, baita AGISAS elkartearen errekurtsoa ere, eta hori argitu bitartean esleipen prozesua etetea erabaki du udaleko kontratazio mahaiak.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!