Oñatiko udala

Esteban Urzelai Bilboko Opera Koruko zuzendari titular izango da

2025/07/16
Card image cap
Oñatiarrak ia bost urte egin ditu Madrilen, Espainiako Koru Nazionaleko zuzendariorde gisa

  ABAO Bilboko operak argitaratu du albistea: Esteban Urzelai Eizagirre izango da Bilboko Opera Koruko zuzendari titular berria, 2025-2026 ikasturtetik aurrera, 1994tik karguan egon den Boris Dujinen ordez. Esteban Urzelai Euskal Herrira itzuliko da, Madrilen ia bost urte eman eta gero. Espainiako Koru Nazionaleko zuzendariorde izan da 2020tik eta maiatzean taldea lehen aldiz zuzendu zuen kontzertu batean.

  Madrilen egon den bitartean oso kuttuna duen Euskal Etxeko Orfeoia ere zuzendu du Urzelaik eta Oñatin bertan izan ziren, Xabier Ugarteren omenezko kontzertuan, iazko maiatzean. Madrilen egonagatik Euskal Herriarekiko lotura ez du eten Urzelaik, 2018an sortu zuen SUHAR ahots grabeen abesbatzaren zuzendari baita. Gizonezkoen koru honekin ere Oñatin izan zen, Aita Madinaren heriotzaren 50. urteurreneko ekitaldietan parte hartzen eta agustinoaren obrez grabatu zuten diskoa aurkezten.

  Oñatin ekin zion Esteban Urzelaik musika ikasketei haurra zela eta abesbatzen zuzendaritza ibilbideari ere jaioterrian ekin zion, Oñatiko Ganbara abesbatzan, 1996tik 2009ra bitartean. OGArekin hainbat sari irabazi zituen, Rojaleseko Estatuko Abesbatzen Sari Nagusia, 2004an, eta abesbatzen sari nagusia Certamen Internacional de Habaneras y Polifonia de Torrevieja lehiaketan, 2008an, besteak beste. Nazioartera ere Urzelairen eskutik salto egin zuen Ganbara Abesbatzak Esloveniako Maribor hiriko Abesbatzen Lehiaketan parte hartuz, 2006an.

  Urzelaik bere sare sozialetan zabaldu zuen etxera bueltan datorreneko berria, atzo. Bilboko Operako Koruan etapa berriari ekiteko eta hazten jarraitzeko, ilusioz eta gogoz dagoela dio.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!