Estatuak eragindako indarkeriaren biktimak aitortzearen aldeko mozioa onartu zen azken Osoko Bilkuran
Egiari Zor Fundazioak proposatuta eta udalbatza osatzen duten bi taldeen babesaz aurkeztu zen mozioa aho batez onartu zen. Motibazio politikoko indarkeriaren testuinguruan giza eskubideen urraketak jasan dituzten biktimei laguntzeko eta erreparazioa eta aitorpena tramitatzeko konpromisoa bere egiten duen mozioa da.
Udalak aitortza adierazten die Euskal Autonomia Erkidegoan 1978 eta 1999 bitartean estamendu ofizialek sustatu edo praktikara eramandako biolentziaren biktimei eta egokitzat jotzen du 5/2019 legeak eskainiko dien erreparazioa, biktima horiek duten egia, justizia eta memoriarako eskubideak egikaritzeko urrats garrantzitsua delako. Ildo horretan, udalak biktimak animatzen ditu dagokien errekonozimendua eta erreparazioa jasotzeko eskabidea egin dezaten eta aholkularitza eta laguntza emateko konpromisoa bere egiten du udalak.
Egiari Zor Fundazioaren idatzian azaltzen denez aipatu aitortza eskaera euskadi.eus atarian elektronikoki bete daiteke, edo bestela, eskabide eredua deskargatu eta Eusko Jaurlaritzaren Zuzenean zerbitzuko edozein bulegotan aurkeztu. Eskaeran, giza eskubideen urraketa gertatu zen testuinguruaren deskribapena egin behar da, eta biktima izaera frogatzeko garrantzitsutzat jotzen diren txosten, agiri eta dokumentuak erantsi behar dira. Dena den, dokumentaziorik ez izanik ere, eskaera egin daiteke. Eta Egiari Zor Fundazioak bere burua ere eskaintzen du laguntzeko, info@egiarizor.eus helbide elektronikora idatziz edo 944 045 363 telefono zenbakira deituz.
Euskal Herriko indarkeria testuinguruan gertatu diren giza eskubideen urraketa guztiak erabat aitortzeko bidean aurrera egiten jarraitzearen garrantzia azpimarratzen da mozioa idatzian. Estatuak eragindako tragediaren inguruko egia osoa aitortzea, ezagutzea eta ezagutzera ematea ere ezinbestekotzat jotzen da.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!