Oñatiko udala

Esleitu dira Sancti Spiritus unibertsitatea birgaitu eta turismo bulegoa egokitzeko proiektua idazteko lanak

2025/06/17
Card image cap
Tabuenca&Leache arquitectos enpresak lau hilabete dauzka lana osatzeko

  Gipuzkoako Foru Aldundiak abian jarri zuen prozedura osatu da eta unibertsitate zaharra birgaitzeko eta turismo bulego berria egokitzeko proiektua eta beste azterlan tekniko osagarriak idatzi eta dagozkien lanen zuzendaritza esleitu da. Hiru enpresa aurkeztu ziren eta puntuaziorik altuena lortu duen Tabuenca&Leache arquitectos nafarrekin sinatu da kontratua. Lau hilabeteko epea izango dute lanen proiektua idazteko eta ondoren, beste 12 hilabete, obraren zuzendaritza egiteko. Lanak nork egin erabakitzeko beste esleipen prozedura bat bete beharko dela kontutan hartuta, lanak urte akabera edo 2026ko hasieran hasiko direla aurreikusten da.

  Unibertsitate zaharraren birgaitze lanek hainbat helburu dituzte: eraikinaren portada nagusiaren eta alboko dorre bereizgarrien zaharberritze zientifikoa, erabilera berrirako espazioak egokitu eta eraikinaren irisgarritasuna hobetzea. Klaustroaren fatxadak, arkuak, gargolak, armarriak eta medailoiak eta, oro har, landutako elementu guztiak zaharberrituko dira. Kanpoko gainerako paramentuak ere tratatuko dira, beira-hautsa jaurtiz, andelak eta kolonizazio biotikoak ezabatu eta kare-morteroz hartzeko. Teilatua berrituko da eta isolamendua jarriko da; hezetasun eta ur-sarrera fokuak ezabatu edo murrizteko jarduerak egingo dira eta beheko solairuan, esaterako, zoladura iragazgaiztuko da; kaperan antzeman den gehiegizko hezetasuna murrizteko neurriak hartuko dira eta gargoletatik isurtzen diren euri urak bideratzeko aukerak aztertuko dira, zipriztinak saihesteko.

  Erabilera berrietarako espazioak ere egokituko dira, hala nola, turismo bulegoa eta ikasketa gelak eta, aldi berean, eraikinaren irisgarritasun unibertsala bermatzeko neurriak hartuko dira eta, besteak beste, igogailua jarriko da. Baina egikaritze proiektuak, eraikuntzaren eraginkortasun energetikoaren hobekuntza eta jasangarritasuna ere kontutan hartu beharko ditu. Unibertsitateko birgaitze lanen egikaritze proiektua idatzi eta ondorengo lanen zuzendaritza kontratua 239.792,96 eurotan sinatu da.

  Tabuenca&Leache arquitectos enpresa ezaguna da eraikin historikoen birgaitze lanetan; Iruñeko Condestable jauregian egindako lanagatik sarituak izan ziren eta bere lanak dira baita ere, Haroko kultur zentroaren bigaitzea, Gasteizko kasko historikoaren ipar-ekialdeko gunerako irisgarritasuna hobetzeko lana edota Urrotz hiriko pilotaleku estalia.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!