Oñatiko udala

Esku-hartze sozioedukatibo eta psikosoziala egiteko zerbitzuak kontratatzeko deialdia egin du Udalak

2022/01/12
Card image cap
Babesgabetasun egoeran dauden adingabe eta familiei eta bazterkeria arriskuan dauden helduei zuzendutako zerbitzuak izango dira

  Terapia arloan eta gizarte eta hezkuntza arloan, arriskuan dauden adingabeekiko familietan esku-hartzeko programa kontratatu nahi da. Aldi berean, gizarte bazterketa arriskuan dauden pertsona helduei zuzendutako esku hartze sozioedukatibo eta psikosoziala ere bete beharko du enpresak. Kasu guztietan bakarka, taldeka eta komunitate mailako interbentzioak uztartuko direlarik.

  Kontratatu nahi den zerbitzuaren helburuak hauek dira: babesgabetasun eta bazterkeria kasuen detekzio goiztiarra, ekintza terapeutikoak eta hezkuntza arlokoak garatzea adingabeekin eta gizarte bazterketa egoeran dauden helduekin eta arlo horietan udal-komunitate zerbitzuekin elkarlanean eta koordinazioan jardutea. Helburu horiek betetze aldera lehentasunezko programak zehaztu dira: gizarte eragileei zuzendutako sentsibilizazio eta prebentzio goiztiarrerako zerbitzua; informazio, aholkularitza eta orientazio zerbitzua adin txikiko edo nerabeak dituzten familiei zuzenduta; gizarte eta heziketa esku hartze zerbitzua edota esku hartze psikosoziala, arrisku egoeran dauden adin txikiko eta familiekin edota bazterketa egoeran dauden pertsona heldu eta familiekin. Komunitate prebentzioko zerbitzua ere eskaini beharko da familia, guraso, adin txikiko eta abarrekin arlo defizitarioak edo sintomak lantzeko, taldeko programak edo jarduerak eginez babesgabetasun eta bazterketa esparruan.

  Zerbitzuaren garapenean zuzenean arituko den lan taldea bost lagunek osatu beharko dutela zehaztu du udalak bere deialdian: hiru hezitzailek eta bi psikologok. Oñatin lanean arituko den taldearen jarduna gainbegiratu eta aholkulari eta orientatzaile ardurak hartzeko beste langile bat izendatu beharko du kontratatuko den enpresak.

  Zerbitzu esleipen prozesu honetara aurkezten diren enpresek, eskaintza ekonomikoa eta garatuko luketen proiektuaren memoria presentatu behar dute. Lanen azalpen memorian erabiliko den lan metodologia, giza baliabideak eta esperientzia azaldu beharko dira besteak beste. Esku-hartze sozioedukatibo eta psikosoziala egiteko zerbitzua bi urtetarako kontratatu nahi du udalak, beste bi urtez luzatu ahal izango delarik. Lehenengo urtebeterako 237.000 euroko gehienezko prezioa finkatu da. Enpresek beraz, horren pareko edo merkeagoa den eskaintza egin beharko dute. Eskaintzak aurkezteko epea otsailaren 3an amaituko da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!