Eskolako metro-minutua osatuko da Lehen Hezkuntzako ikastetxeetan, mugikortasun aktiboa sustatzeko
Bagabiltz-Eskolako Bidea egitasmoaren aurtengo programazioa ikastetxeetako ordezkariekin partekatu du Udalak eta Jose Fran Cid adituak proposatutakoa onartu dute. Azken urteetan Jose Fran Cid ari da Bagabiltz-Eskolako Bidea egitasmoa diseinatu eta garatzen, eta aurtengo egitasmorako ere, berau kontratatzea erabaki du Udalak, aurrez, jasotako proposamen bakarra baloratuta eta onartuta. Kontratu berriak 17.953 euroko aurrekontua du.
Ikastetxeetako ordezkariekin kontrastatu da proposatutako lan eta proiektuak eta aurrera eramateko prestutasuna azaldu dute. Ezinbestekoa da ikastetxeen onespena, ekintza gehienetan euren partehartzea eskatzen delako. Lehen eta bigarren hezkuntzako ikasleekin bi proiektu berezi gauzatuko dira aurten: eskolako metro-minutua eta airearen kalitatea neurtzeko proiektua. Eskolako metro-minutua osatzeko egitasmoa Lehen Hezkuntzako ikastetxe bakoitzean egingo da. Ikastetxetik herriko gune ezberdinetara iristeko dagoen distantzia eta behar den denbora neurtuko da, puntu horiek eta erreferentziazko ikastetxea plano batean kokatuz. Lan honen antzekoa egin zen 2017an, udaletxea edota kiroldegia erreferentziatzat hartuta. Zubikoa sarreran kokatu zen plano hura. Orain, Lehen Hezkuntzako hiru ikastetxeak izango dira erreferentzia leku eta bakoitzak bere eskolako metro-minutua eta honetan oinarritutako planoa osatuko du. Horrela, mugikortasun aktiboa sustatu nahi da, oinez edo bizikletaz ikastetxea zein hurbil dagoen bistaratuz. Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetan berriz, airearen kalitatea neurtzeko proiektu bat garatzen saiatuko dira. Antzerakoa egin zen iaz Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako ikasleekin. Oraingoan ere, hainbat neurketa egingo dira, eskola inguruan ez ezik, ikasleok ibiltzen diren beste gune batzuetan airearen kalitatea nolakoa den ikusteko. Bide batez, gaia maila teoriko batean lantzeko aukera izango da eskoletan.
Ikasleekin zuzenean landuko diren bi proiektu horiezaz gain beste batzuk ere burutuko dira: ikastetxe inguruetan jarritako bizikleta eta patinete aparkalekuen erabilera neurtuko da, guneak monitorizatu eta zenbaketa eginez; Juntalekuen seinaleztapena berrikusiko da; eskola-komunitateko kideei aholkularitza emango zaie eta eta Bagabiltz egitasmoaren sare sozialak dinamizatu eta udaleko web atala eguneratuko da.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!