Eskolako Agenda 21 proiektuaren baitan elikadura jasangarria aztertzen jarraitzen dute herriko ikasleek.

2015/02/11
Card image cap
Bertako ekoizpen eta kontsumoan sakontzen ari dira eta herriko baratze parkea bereziki ikertuko dute.

  Iaz ekin zioten herriko lau eskolek elikadura jasangarriaren gaia aztertzeari. Lehen kontzeptuak barneratu eta oinarrizko ikerketa eta hausnarketa lana eginda, aurten, gaia sakonago landuko dute. Landa eremuaren garrantzian oinarrituz, bertako ekoizpenaren eta kontsumoaren nondik norakoak aztertuko dituzte eta herriko “Baratza parkea” bereziki ikertuko dute.

  Haur hezkuntzatik hasi eta batxilergora arteko ikasleak, barruko lan isila egin dute orain arte; urtarrilean, herriko diagnostikoa burutzen hasi ziren eta martxorako amaitzea aurre ikusten da.

  Elikadura jasangarriaren diagnostiko hori osatzeko bi saio burutuko dituzte: “ikasi” izeneko saio teorikoa eta “ikusi” saio praktikoa.

  Ikasi saioan bertako eta sasoiko produktuen ekoizpenean oinarrituko dira, lehen esan bezala, eta produktu horien kontsumoa ere aztertuko dute. Ikusi saio praktikoa aldiz, herriko “Baratza parkean” garatuko da, ikasleek parkeko hainbat datu eskuratuko dituztelarik.

  Aipagarria da Eskola agenda 21ak lan dinamika oso aberatsa sortzen duela, gelaz gela eta eskolaz eskola antolatzen diren ekintzez gain, adin eta ikastetxe ezberdinetako ikasleen elkar lana ere sustatzen duelako. Hala, aurtengo ikerketa eta hausnarketa lana egiteko, herriko ikasleek 2 formazio-saio eta 4 koordinazio-bilera egingo dituzte.

  Udaberri amaieran berriz, egindako lan guztiaren emaitza kaleratuko da. Udaletxera joanda, udal arduradunei, egin duten herriko diagnostikoaren berri emango diete ikasleek eta egoera hobetzeko proposamenak eta eurek hartzen dituzten konpromisoak jakinaraziko dizkiete.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!