Eskola kiroleko ordezkariak Foru Aldundira joan dira Oñatiko eredu berritzailea aurkeztera

2018/03/26
Card image cap
Herriko hiru ikastetxeek elkartea eratu dute, udalaren babesean

  Eskola kirolak 40 urte baino gehiagoko ibilbidea du Oñatin. Kirola eskolaz kanpoko jarduera gisa, modu egonkor batez antolatzen aitzindaria izan zen Gipuzkoan. Alde horretatik, urteetan mantendu den eredu propioa izan du Oñatiko eskola kirolak, udalak, laguntzen duen eredua. Azken ikasturteetan, hausnarketa eta egokitze prozesuan murgildu da eskola kirola eta zentzu horretan lehen pausoak ere eman dira. Oñatiko ereduaren indar-guneak eta ahulguneak aztertu dira. Gurasoen inplikazio handia indar-gunetzat jo da baina aldi berean, zapatuetako jardunak duen pisuak, ekintzen lehiakortasuna sustatzen duela ere ikusi da. Entrenatzaile-gurasoei edota arbitroei formakuntza eman asmo zaie eta aste barruko eskola kiroleko jarduerak derrigorrezko bihurtzea aztertzen ari dira. Baina ikasturte berrirako aurre ikusten diren egokitze horiei aurre hartuz, herriko hiru ikastetxeek Eskola Kirola Elkartea eratu dute, udalaren babesarekin. Hori ere berria da Gipuzkoa mailan, ikastetxe bakoitzak bere aldetik funtzionatu ohi baitu eta Aldundiarekin zuzeneko harremana izaten du. Eskola kirola, ikastetxe eta Diputazioaren arteko egitasmoa baita. 

  Herrialde mailan duen ezaugarri berezi eta berritzailea aurkeztu asmoz, Oñatiko eskola kiroleko ordezkaritza bat Donostiara, Foru Aldundira joan da gaur, kirol arduradunekin batzartzera. Oñatitik lau lagun joan dira Jokin Garai eskola kiroleko ordezkaria, Oskar Carrascal eta Egoitz Atxaga kirol teknikariak eta Borja Moiua kirol batzordeburua.
 

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!