13. Mikopoteo jardunaldia egingo da Arantzazun, larunbatean
Perretxikoak udazkeneko gastronomiaren osagai estimatuenetakoak dira, baina nutrizionalki ezaugarri eta balore jakina dute. Beste elikagai askorekin nahastu genitzazke eta horren ondorioz gure gorputzari egiten dioten ekarpena ezberdina da. Guzti horretaz berba egiteko eta Mikopoteoaren sarrera moduan antolatu ohi den hitzaldira Amaia Diaz de Monasterioguren nutrizionista gonbidatu dute antolatzaileek. Perretxikoen eta onddoen munduan murgilduko gaitu berak ondo ezagutzen dituen ezaugarri nutrizionalak eta sukaldaritza aukerak azalduz. Hitzaldia Gandiaga topagunean izango da, 17:30etan hasita eta euskaraz.
Ondoren, 19:00ak inguruan, Arantzazuko gastronomia-zirkuituan perretxikuak eta onddoak dastatzeko aukera izango da, Mikopoteoan. Iraipe Arantzazuko Santutegia Hoteletik abiatuko da ibilbidea, eta handik Goiko-Benta eta Sindika jatetxeetara jarraituz. Mikopintxo bakoitzak 1,5 euroko salneurria izango du, eta edaria ostatu bakoitzaren prezioen arabera ordainduko da.
Arantzazuko Mikopoteoa urtero lagun ugari biltzen dituen ekitaldi gastronomikoa. Aisia, kultura, natura eta gastronomia uztartzen dituen ekimen honen hamahirugarren edizioa izango da larunbatekoa. Aurten ez da autobusik egongo Arantzazura joan-etorria egiteko eta bakoitzak bere kabuz moldatu beharko du.
XIII.Mikopoteoa Arantzazuko Adiskideak elkarteak, Arantzazulabek eta Arantzazu Parketxeak antolatu dute, Udalaren eta Arantzazuko ostalarien laguntzarekin.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!