Eskola Agenda 2030aren aurtengo aurkezpena egin zaie udal ordezkariei

2021/06/03
Card image cap
Ikasleen ordezkariak udaletxean
“Ikastetxe iraunkorrak, herri iraunkor batean” lortzeko helburuz lanean aritu dira ikasleak

  Eskola Agenda 2030ean parte hartu duten Elkar Hezi Ikastetxea, Oñati Institutua, Txantxiku Ikastola eta Urgain Ikastetxeko haur zein nerabeek Garapen Iraunkorrerako 17+1 helburuak ezagutu eta 11. helburua den Hiri eta komunitate iraunkorrak esparrua bereziki landu dute. Ondorioz, herriko eremu ezberdinetan eragina duten proposamen ugari garatu dituzte.

  Herriko ikasleek klima aldaketa, genero berdintasuna edo pertsona migratzaileen egoera aztertu dute, besteak beste, herri iraunkorragoa lortzeko helburuarekin. Hezkuntza komunitatearen hautua horixe baita, ikastetxe iraunkorrak herri iraunkor baten parte izatea.

  Ikasturtean zehar pandemiaren araberako egokitzapenak egin dira eta ikasleen partaidetza bermatzeko plataforma digitalen erabilera indartu da. Horrela, itxialdi egoeran ere programari jarraipena emateko aukera eskaini zaie ikasle-irakasle taldeei.

  Ikasturteko lanaren emaitza udal ordezkariei aurkeztu zaie eta proposamen konkretuak ere egin zaizkie. Proposamen horiek zehazteko ikasleen lehentasunak ezagutzeko galdetegiak bideratu dira. Horrela, bozketa bidez Oñatiko ikasleentzat garrantzitsuenak diren proposamenak hautatu dira eta ikastetxe bakoitzak proposamen bana aurkeztu die udal taldeko kideei.

  Oñatiko udalak iraunkortasunaren bidean pausuak emateko konpromiso irmoa hartu du, Tokiko Agenda 2030 programaren lanketaren bitartez. Bide horretan aurrera egiteko Oñatiko haur zein nerabeak iraunkortasunean hezi eta ikastetxeekin elkarlanean aritzea ezinbestekoa da. Testuinguru horretan kokatzen da Oñatiko Eskola Agenda 2030aren udal foroa.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!